Nagusilan, inoiz baino gertuago
Adineko pertsonekin lan egiten duen boluntario elkarteak indartu egin du Zilarrezko Haria zerbitzua; etxean bakarrik daudenei zuzenduta, emozionalki laguntzea da helburua.
Asteak dira Nagusilan, Adin Nagusiko Giza Boluntariotza Elkarteak egoitzetako, eguneko zentroetako edo etxe partikularretako aurrez aurreko jarduera bertan behera utzi zuela. Koro- nabirusak pertsona nagusiei gehiago eragiten diela eta, berehala utzi zituzten bingoak, paseoak edo bisitak, kutsatzeko arriskuak ekiditeko. Nagusilan, ordea, ez da egoera larri honen aurrean geldirik geratu, eta nagusien alde lanean jarraitzen du Zilarrezko Haria zerbitzuarekin. Are gehiago, zerbitzu hori inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du, eta indartu egin du.
Zilarrezko Haria bakardade egoeran dauden adinekoei laguntza emateko doako telefonoa da. COVID-19 birusak eragindako krisi egoera dela eta, telefono bidezko zerbitzu hori indartu egin du Nagusilanek, beren etxeetan irten ezinik daudenei eta une hauek bakardadean bizitzen ari diren adineko pertsona guztiei solasaldi atsegin bat eskaintzeko asmoz.
Doako deiak
Zilarrezko Haria zerbitzua 2000. urtetik du martxan Nagusilanek. Bakardadean dauden adineko pertsona guztiek erabili dezakete, norbaitekin hitz egin eta norbaitek entzunak izan nahi badute. Gipuzkoan 82 erabiltzaile ditu zerbitzuak 129, guztira, eta alarma egoera martxan jarri eta etxeko konfinamendua agindu zutenetik, kopurua handitu da (11 lagun gehiago, martxoaren 19tik).
Kontakturako telefono zenbakia 900 71 37 71 da; bertara deitu eta izena eta harremanetarako telefonoa utzi behar dira erantzungailuan; 688 741 451 zenbakira ere deitu daiteke,astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:30era, edo WhatsApp bat bidali. Nagusilaneko boluntarioek ahalik eta azkarren jarriko dira harremanetan zerbitzua eskatzen dutenekin. Dohainik da.
Elkartea, bestalde, jakitun da horrelako mezuak ez direla etxe guztietara iristen eta jendea egon daitekeela zerbitzu honen berririk ez duenik. Horiek aintzat hartuta, deialdi berezia egin die pertsona adinduak identifikatuta dituzten edozein arlotako profesionalei. Hala, hitz egiteko beharra duten adinekoak ezagutzen badituzte, boluntarioekin harremanetan jartzera animatu dituzte. Horretarako, hilodeplata@nagusilan.org helbidea erabili dezakete.
Prestatutako boluntarioak
Zilarrezko Hariaren bitartez egiten diren telefono deien helburuak bakarrik sentitzen diren herritar nagusiak emozionalki laguntzea eta egun hauetako konfinamendu ordu luzeetan solasaldi atsegin baterako tartea eskaintzea dira. Zerbitzu hau Nagusilaneko 18 boluntarioek egiten dute, pertsona nagusiak horiek ere. Prestakuntza jaso duten boluntarioak dira, bakarrik dauden herritarrak entzuteko eta laguntzeko gai dira, eta entzute aktiboaren bitartez laguntzen esperientzia handia dute.
Konfinamendu egoera honi begira, administrazio publikoek prestatutako informazioa eta telefono zenbakiak ere eskura dituzte, erabiltzaileek kanpoko laguntzaren beharra dutela antzematen badute edo eskaera egiten badute, laguntzeko. Dena den, Nagusilanek argi utzi nahi du eskaintzen duen telefono zerbitzu hau entzuteko eta hitz egiteko baino ez dela, eta osasun, elikadura eta gainerako beharretarako laguntza premia guztiak administrazio publikoek aseko dituztela.
Boluntarioek, gainera, argi dute ez direla medikuak, edo psikologoak, eta ezin dituztela alor horretako aholkuak eman.
Era askotako solasaldiak
Telefono bidezko laguntza Donostian dago zentralizatuta, Nagusilanek han duen bulegotik ematen da, baina orain boluntario guztiek etxetik egiten dituzte deiak. Zerbitzua Goierrira ekartzeko pausoak ematen hasiak ziren, baina koronabirusak gelditu egin du plana. Aurrerago ekingo diote.
Miryam Lopez Ansorena de zerbitzuaren koordinatzailea, eta telefono bidezko laguntza zerbitzu honen erabiltzaileen profila zein den azaldu du: «Emakumezkoak dira gehienak, eta gauza askori buruz hitz egiten dute, oso anitzak dira elkarrizketak, baita iraupenaren aldetik ere». Batzuk oso hiztunak direla dio, «esaten dutena norbaitek entzutea nahi izaten dute»; beste batzuk ixilagoak, «telefonoaren beste aldean ahotsa entzutea nahi dute»; eta kantuan aritzea gustatzen zaienak ere badaude.
Astean behin egiten zaizkie deiak, bakoitzarekin adostutako orduetan. Emakumezko batek edo gizonezko batek deitzea nahi duten, euskaraz edo gazteleraz hitz egin nahi duten… hori guztia ere zehazten da hasieran. Komunikazioa errazteko, gainera, erabiltzaile bakoitzaren informazioa jasotzen saiatzen direla azaldu du Lopez Ansorenak, «zer interesatzen zaien, norberaren historia, zein bizitza eraman duten, zein egoeratan dauden orain…».
Telenobela batean ikusitakoa, periodikoan irakurritakoa, tomatearen prezioa, eguraldia… gaiek ez dute mugarik.