Ordiziako azokako saltzaileek frontoian jarriko dituzte postuak
Ordiziako Udalak lehen sektorearekiko "babesa eta konpromisoa" erakutsi nahi du. Bederatzi salmahai izango dira Beti-Alai pilotalekuan, segurtasun neurri zorrotzekin.
Joan den astekoaren bide beretik, bihar ere Ordiziako azokako bederatzi saltzailek haien produktuak jarriko dituzte salgai. Baina hainbat aldaketa izango dira; plazaren ordez, Beti-Alai pilotalekuan egongo dira, eta segurtasun neurriak zorroztu egingo ditu udalak. Hain zuzen ere, neurri horiek areagotzeko asmoarekin erabaki dute postuak lekuz aldatzea. Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, “askoz ere kontrolatuago egongo da, segurtasun neurriak zorrotzagoak izango dira, eta erosketak egitera sartzen den jende kopurua ere kontrolatuago” egongo da.
Frontoia desinfektatu egin dute, eta sarrerako ilararen amaieran, bi arraska jarriko dituzte, erosleek sartu aurretik eskuak xaboiarekin garbi ditzaten. Kokapen berriarekin, plaza inguruan erosketak egiteko jendea pilatzea eragotzi nahi dute; Ezenarroren ustez, “frontoira mugituta jendea gehiago sakabanatu” ahal izango baita.
Lehen sektoreari babesa
“Garai zaila” dela dio udalak, eta une honetan “lehen sektorearekiko duen babesa eta konpromisoa” berretsi nahi izan ditu. Maitane Alvarez alkateordearen esanetan, “bertako hainbat sektorek zabalik jarraitzen duten modu berean, ekoizleei aukera” eman nahi diete, “euren produktu galkorrak saldu” ahal izan ditzaten, baina beti ere “segurtasun neurri guztiak” bermatuta.
Salmahaiak goizez bakarrik jarriko dituzte, 09:00etatik 12:00etara, eta frontoi barrura sartzen den jende kopurua ere kontrolatu egingo dute. Saltzaile nahiz erosleen artean, gutxieneko 1,5 metroko tartea gorde beharko da, eta ezingo dira produktuak ukitu. Saltzaileek eskularruak erabili beharko dituzte, eta erosketa bakoitzetik bestera, eskuak desinfektatu beharko dituzte.