Goierriko hainbat ikastetxe kutsadurak ekiditeko maskarak ekoizten ari dira
Osasun arloko langileek nahikoa babes material ez dutela ikusita, Uglen, Goierri Eskolan, Oianguren institutuan eta San Benito ikastolan, esaterako, babes pantailak egiten ari dira, 3D inprimagailuekin.
Osasun arloko langileak kexu dira euren osasuna bermatzeko material nahikorik ez dutela. Emandako datuen arabera, koronabirusak jotako gaixoen %12 osasun arloko langileak dira. Honela, Goierriko hainbat ikastetxek euren baliabideak aurpegiak babesteko maskarak egiteko baliatzen dabiltza.
Urola Garaiko Lanbide Eskola, Goierri Eskolako Ikaslan fundazioa, Urdaneta-Oianguren ikastetxe publikoa eta San Benito ikastola dabiltza maskarak egiteko lanetan. «Jhon Diaz ikasleak babes maskaretako biserak egiten hasi zen ikastolako 3D inprimagailuarekin», azaldu dute Lazkaoko ikastolako arduradunek. «Bizi dugun momentu honetan zerbait egin beharra ikusi zuen. Dagoeneko 20 bisera egin ditu, eta martxan jarraitzen du», gaineratu dute.
Ekoitzitako biserak Osakidetzako eta DYA kudeatzaileen eskura jartzen dituzte. Inork etxean 3D inprimagailua badu, berak ere lagundu dezake.
Jostunen bila
DYAk jostunei ere dei egin die maskarak josteko. Ohiko oihalez egindako babesgarriek erabateko segurtasuna bermatzen ez duten arren, balekoak dira babestuagoak egoteko.