Ikasle guztiek Interneteko konexioa bermatuta Izarkom kooperatibarekin
Etxean Interneta izateko SIM txartel berezia kaleratu dute. Ikastetxeen bidez jasotzen dituzte eskariak. Ordizian sortutako telekomunikazio zerbitzuen operadora da Izarkom
Goierrin sortutako telekomunikazio zerbitzuen operadora batek, Izarkom kooperatibak, etxetik klaseak Internet bidez jarraitzeko aukera bermatu die ikasle guztiei. SIM telefono txartel bat izan da, etxean batez ere arrazoi ekonomikoengatik Interneterako konexioa ziurtatuta ez duten ikasleentzako irtenbidea.
Izarkomeko sortzaileetako eta bazkideetako bat den Gari Garaialdek egitasmo honen nondik norakoa Gasteizen kokatu du; hango bazkide batek plazaratu zien arazoa, Iñaki Gartzia irakasleak hain zuzen. Ikasleak etxera bidali zituztela, baina batzuk on line klaseetara konektatzeko Internetik ez zutela jakinarazi zien kooperatibako arduradunei, eta haientzako irtenbide bat eskatu zien. Konponbidea azkar aurkitu zutela dio Garaialdek: «Arazoa ekonomikoa zenez, guk zerbitzua ahalik eta handiena edo giga kopururik altuenekoa ematea, preziorik baxuenean».
SIM txartelen bidez
Izarkomek proposatutako konponbideak SIM txartelaren forma du; mugikorretan edo tabletetan sartu behar den txartela da eta telefono zenbakia, telefono operadora baterako sarbidea ematen duten klabeak eta internet datuak biltzen ditu. Izarkomek eskaintzen duen SIM txartelak 17 giga datu ditu, «20ra igotzekotan gara, baina nahiko dira ikasketarako erabilera egiten bada bakarrik».
Prezioa hilean 11 eurokoa da BEZa barne hartuta, «oso baxua», Garaialderen esanetan, komisioak eta langileen gastuak kendu dituztelako, eta banaketaren zati bat bere gain hartu dutelako. Ikastetxeen bidez jasotzen dituzte eskariak, eta bertara bidaltzen dituzte txartelak, eta handik helarazten dizkiete ikasleei. Nork ordaindu behar dituen ez da Izarkomen erabakia, baina Garaialderen ustez «ikastetxeek hartu beharko lukete bere gain, edo udalek».
Ordizian sortua
Helburua ez da egoera honetatik irabazirik ateratzea, baizik eta zerbitzua eskaintzea, proiektu ekonomiko bat baino gehiago, gizarte ekimen bat delako Izarkom. Xede horrekin sortu zuten sei lagunek duela hiru urte Ordiziako Maillutz industrialdean. Telekomunikazio zerbitzuen operadora gisa sortu zen, Goiener energia kooperatibaren ereduari jarraiki eta Goieki garapen agentziaren babesarekin. Izarkomen arrazoi soziala Ordizian dago oraindik, baina Irunen ditu bi bulegoak, bazkide sortzaileetako gehienak Bidasoa aldekoak baitira.
Izarkomek telekomunikazio zerbitzuak eskaintzen ditu, telefono mugikorra batez ere, baita etxerako internet konexioa eta telefono finkoa ere, baina «beste modu batera, ezagutzen dugun guztitik ihes eginda». Euskal Herrian orografiagatik Internetarako konexiorik ez dutenei zerbitzua errazteko asmoz sortu zela gogoratu du Garaialdek, baina «ekonomia sozial eraldatzailearen kontzeptuak barneratuta, eta hor dago desberdintasuna, jarduera aldetik arruntak gara, baina filosofia aldetik bereziak».
Kooperatiba izanda, Izarkomen zerbitzuak jasotzeko bazkide izan behar da ikasleentzako SIM txarteletarako ez, «gu ez gara bezeroak dituen enpresa bat, baizik eta denon artean egindako proiektu bat». Bazkideek batzarretan eta erabakietan parte hartzeko aukera dute, «bazkide guztiak dira Izarkom».
Hego Euskal Herrian garatzen du bere jarduna Izarkomek, baina iparraldera salto egiteko prozesua martxan jarria dute.