Ordiziako Udalaren lasaitasun mezua, koronabirusa San Jose egoitzara sartu dela eta
Koronabirusa Ordiziako San Jose adinekoen egoitzara sartu da eta Ordiziako Udalak lasaitasun mezu bat helarazi du. Horra hor mezua, hitzez hitz:
“San Jose egoitza dagoeneko ez da Ordiziako Udalarena, Kabiaren bitartez Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan geratu baitzen. Edonola ere, sareetan bolo-bolo zabaltzen ari den mezuaren harira, lasaitasun mezu bat helarazi nahi dugu, nahiz eta egoera larria izan dagoeneko hainbat kasu baieztatu direlako. Horrek egoitzaren funtzionamendu osoa aldatzen du, eta errefortzuak behar dira, noski. Kontratazio berriak bideratu direla adierazi digute, eta astelehenean jende berria hasiko da. Beraz, mesedez, egoitza itxita dago, kanpoko jendea ezin da sartu segurtasun neurriengatik, eta laguntza eskaintza guztiak bihotzez eskertzen badira ere, oraintxe bertan beharrak beteta daude. Miresmen eta errespetu osoa egoitzako langile guztiei, eta bertan senideak dituzten familiei besarkadarik estuena une hauek maite dituztenengandik urrun igarotzea ez baita erraza”.
Goizean zabaldu da San Jose egoitzan sei positibo kasu izan direla.