Etxetiko lana, byte erritmora
Ordenagailu eramangarri, web kamera, entzungailu eta wifi anplifikatzaileen salmenta igo da gehien Goierrin koronabirusaren krisian. Ekipoak eguneratu dira

Etxeko itxialdiaren lehen hamabost egunetan, jarduera industrial eta ekonomiko orokorra oraindik erdi-martxan aritu denean, telelanak berealdiko indarra hartu du. Gailu elektronikoak eta informatika ekipoak behar-beharrezko suertatu dira horri erantzuteko, eta sektoreko dendek eta zerbitzuek esku bete lan izan dute eskariari erantzuten Goierrin ere.
Hiru esparrutan nabaritu da eguneraketa. Batetik, gailu elektronikoen salmentan. Etxean ordenagailurik izan ez, edo kasu askotan familiako kide bat baino gehiagok behar izan eta nahikoa ez zeuzkatenetan, ekipo informatikoak erosi dituzte. Bestetik, etxean lehendik zeuden ekipoak eguneratzen eta konpontzen ere lan dezente izan dute teknikariek, telelanerako gailuak puntuan jartzen. Eta, azkenik, urrutitik konektatzeko eta komunikatzeko aplikazioak eta programak instalatu behar izan dituzte gehienek.
«Komunikazio alderdia asko handitu da. Denak batera etorri dira orain. Lehen ordenagailu batekin moldatzen ziren agian etxean, baina orain ezin dute eta gehiago behar dituzte», azaldu du Beasaingo Goisystem informatikako aplikazioen zerbitzuko Julian Rodriguezek.
Azken asteotan gehien saldu diren gailuak web kamerak, entzungailuak, ordenagailu eramangarriak eta wifi anplifikatzaileak izan dira. «Gehiago saldu ditugu eramangarriak, eta martxan jarri ere bai lehengoak. Zeren, orain arte, kamerak itzalita edo zintaz estalita eduki ditu jendeak, baina orain asko erabiltzen ari da komunikazio-sistema hori», dio Rodriguezek.
Etxea bete jende, lanean
Goierriko etxe askotako egoera da konfinamendu garaiotan: etxerako lanei eta etxeko lanei, etxetiko lana batu zaie. Helduei telelanerako ez ezik, haurrei ere ikastetxearekin eta irakasleekin harremanetan jartzeko ezinbesteko lehengai bihurtu zaie teknologia. Aplikazio bereziak ere instalatu behar izan dira: «Plataformen eztanda bat egon da, Jitsi, Hangouts eta halakoena. Laneko bilerak egiteko, baina baita familiakoekin hitz egiteko ere».
Segurako Ikernet informatika zerbitzuetan ere jendearen etxetik konektatzeko beharra ahalbidetzen jardun dira bi asteotan. Kasu askotan, enpresen sistema zehatzetara egokitu behar izan dute. «Enpresa bakoitzaren konfigurazioak desberdinak dira, bakoitzak lan egiteko bere modua duelako, eta orain ari dira ezartzen etxetik. Bestela, konexio konfigurazioak, eskuko ordenagailurik gabe zegoen eta erosi behar izan duen baten bat, etxean utzita eta erabili gabe zeukan ordenagailuak arazoak ematen zizkiola… horiek izan dira eskari gehienak», dio Iker Aldasorok.
Oro har, behin baliabide teknikoak eskuratutakoan, tresnak jarritakoan eta erabiltzen ikasteko pazientzia pixka bat hartutakoan, berehala ohitu da jendea telelan informatikora. «Internet konexioa bakarrik behar da, egia esan». Laneko ordenagailuarekin lotzeko aplikazioak (Anydesk, Team Viewer…) bihurtu dira erabilienak etxekoetan.
Atzeak erakusten du…
Aurrea nola dantzatu. Beharrak, alegia. Informatikarien arabera, «orain» ari da gizartea teknologia berriei zukua ateratzen. «Jendeak orain arte ez du beharrik eduki eta ez da kezkatu ere egin. Aplikazioak lehendik bazeuden, batzuek gehiago erabiltzen zituzten, besteek gutxiago. Orain orokortu da. Harrituta geratzen da jendea zer potentzial dauden: ‘Hau dena egin liteke urrunetik?’. Mundu hau ezagutzen ari da. Teknologia horretarako da», dio Aldasorok.
Belaunaldi batzuk sare-teknologien uholdeak harrapatu ditu. «Gazteek beti erabili dute mobila Skyperekin. Helduek ez, eta orain jarri dira horretan», azaldu du Rodriguezek.
Beharrak eta koronabirusak aginduko dute noiz arte.