Goierriko egoitzak ez dira libratu
Koronabirusak eskualdean eragindako lehen heriotza adinduen egoitza bateko egoiliar batena izan da. Goierrin bi zentroetan antzeman dira kutsatzeak, baita langileen artean ere.
Egoera ez da gozoa Gipuzkoako zaharren egoitzetan, azken egunotan antzeman diren koronabirus kasuak direla eta. Goie- rriko zentroetara ere iritsi dira, eta atzo arratsaldeko datuen arabera, Beasaingo Arangoitin bost positibo erregistratuta dituzte, eta Ordiziako San Josen sei.
Arangoitin heriotz bat ere eragin du Covid-19 birusak Beasaingo Udalak jakinarazi duenez; 82 urteko Angela Garcia beasaindarra igandean zendu zen. Koronabirusaren Goierriko lehen biktima izan da.
Eskualdeko gainerako zentroetan, hau da, Legazpiko Santikutzen, Zumarragako Argixaon, Lazkaoko Txindoki-Sanitasen eta Segurako San Joan eta Magdalenan ez da oraingoz kutsaturik antzeman, atzo arratsaldean egoitzetatik bertatik eta foru aldundiaren prentsa bulegotik jakinarazi zutenez.
Goierrin, 12 kasu
Arangoiti egoitzan erregistratu ziren lehen bi koronabirus kasuak martxoaren 26an, eta beste hiru egoiliarrek positibo eman zuten ostiralean. Osasun protokoloei jarraituz, isolamendu egoeran jarri zituzten gaixoetako hiru, eta beste biak Donostiako zentro sozio-sanitario batera eraman zituzten, tartean igandean hil zen emakumea. Atzo beste kasu bat antzeman zuten Besaingo zentroan; guztira bost dira gaur egun Covid-19ak kutsatutako egoiliarrak.
Ordiziako San Josen, berriz, sei kasu erregistratu zituzten martxoaren 27an, eta azken datuen arabera, kopuruak ez du gora egin. Egoitza honetako bi langile ere gaixorik daude, bat koronobirusak eraginda ospitalean; beste langile batzuk etxean daude berrigeialdian.
Lanpetuta, baina lasai
Koronabirus kasurik ez duten egoitzetatik jasotako mezua, bestetik, bateratua izan da: oso lanpetuta dabiltza, baina gaixorik ez egoteak lasaitasuna ematen die. Segurako San Joan eta Magdalena egoitzako Iñigo Fernandezek hala azaldu du egoera: «Gurean oraindik ez dugu sintomarik atzeman eta alde horretatik lasai gaude, baina etorri daitekeenari aurre egiteko antolatzen ari gara, kutsatutako egoiliarrak isolatzeko gelak edo babeserako ekipoak prestatzen, besteak beste».
Legazpiko Santikutz egoitzako Kristina Uribeetxeberria koordinatzaileak ere lasaitasun mezua zabaldu du, «momentuz denak ondo gaude, ez dago kasurik ez egoiliarren artean ezta langileon artean ere». Lasai bai, baina adi, egoiliarren bat kutsatu dela susmatzen badute ahalik eta lasterren esku hartzeko. «Egoitza goitik behera aldatuta dugu, eta protokoloak prest ditugu. Jangela txikiak prestatu ditugu adibidez, kapera ere egokitzen ari gara, gaixotasun honi aurre egiteko aiton-amona ahulenak isolatuta ditugu… Egunetik egunera prebentzio neurri estuagoak ari gara hartzen». Horrez gain, egoiliarren egoera bereziak beste era bateko gainkarga ekarri diela ere azaldu du, «bakarrik daude duela hiru astetik, familia ikusi gabe, batzuetan gelatik atera ezinik, eta guk atentzio integrala eskaintzen diegu, ez bakarrik laguntza fisikoa, baita soziala eta psikologikoa ere». Langileen aldetik inplikazio handia dagoela azaldu du; telefono pertsonalak ere jartzen dituzte agureek senitartekoekin bideoz hitz egiteko aldundiak jarri behar zien tableta oraindik ez zaie iritsi.
Langileak ere, arriskuan
Egoitzekako langileei ere eragiten die koronabirusak, ez bakarrik lan kargagatik, baita kutsatuak izateko duten arriskuagatik ere. ELA sindikatuko Oria-Goierriko ordezkari Ana Mertxanek dioenez, «Goierriko egoera oso txarra da, kaosa!». Mertxanen arabera, hainbat langile berrogeialdian daude etxean eta Ordiziako bat gutxienez gaixorik dago ospitalean; Beasaingo batsek ere positibo eman du. «Baldintza oso gogorretan ari dira lan egiten, estres eta antsietate handiarekin, neka-neka eginda eta beldurrez, haiek ere koronabirusa harrapatu eta etxekoak kutsatuko ote dituzten»; hori guztia hala izanda ere, Mertxanen arabera, «profesionalak dira, eta ondo dakite zein den bere betebeharra». Bestetik, segurtasun eta babeserako materiala iristen ari dela baieztatu du, baina protokoloak geroz eta zorrotzagoak izan arren, langileak kutsatzen hasi direla esan du.
Langileek duten kutsatze arriskua nabarmendu du baita ere LABeko Buruntza-Goierriko ardurandun Feli Insaustik, eta «egoitzetako langile eta egoiliar guztiei berehala probak egitea» ezinbestekoa dela esan du, «sintomak ez erakutsi arren, kutsatuta egotea posible da, eta probak denei eginda foko berriak zabaltzea saihestuko da».
Bestetik, prebentzio neurriak berandu hartzen hasi direla salatu du, eta gaixotasunari aurre hartzeko «prebisio falta handia» izan dela. «Maskarak eta norbera babesteko ekipamenduen faltak langileak eta egoiliarrak kutsatzea ekarri du, eta kutsatuen kopurua goraka doa, baita Goierrin ere».