Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azoka ere, bertan behera
Maiatzaren 2an eta 3an ospatzekoa zen azoka Idiazabalen, baina koronabirusaren eta alarma egoeraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki dute udalak eta antolatzaileek.
Covid-19 birusaren pandemiak eraginda, maiatzaren 2an eta 3an Idiazabalen ospatzekoa zen Euskal Gaztaren Azoka bertan behera gelditu da. Idiazabalgo Udalak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera momentuz apirilaren 11ra artekoa da, baina “ez dago argi ondorioak noiz arte” luzatuko diren. Hori dela eta, “lehentasuna herritar ororen, gaztagileen zein kanpotik etorri ohi diren bisitarien segurtasuna bermatzea eta birusaren hedapena mugatzea” dela diote, horretarako jende pilaketak ekidinez.
Idiazabalgo Udala eta antolaketan parte hartzen duten herritar eta erakundeak “egoeraren bilakaera aztertuz” joango dira. Momentuz hartu duten erabakia data horietan azokarik ez egitea da, baina aurrera begira ere, zalantzak dira nagusi. “Oraindik ezin da baloratu 2020 urtean zehar beste data batetara mugitzeko aukera izango den Euskal Gaztaren Azoka”. Idiazabalgoa denboraldi berriko lehen azoka garrantzitsua izan ohi da, eta artzainei, neguko lan gogorraren ondoren, “laster ardiak mendira igotzea” tokatuko zaiela gogorarazi dute. Zentzu horretan, Idiazabalgo azoka “denboraldiko gazta berriak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin elkarrizketa izateko abagune” dela nabarmendu dute.