Koronabirus kasuek gora egin dute berriz, beste 8 positibo kasu atzeman eta gero
Koronabirusaren azterketetan beste zortzi lagunek eman dute positibo Goierrin, eta 73 dira denera. Zumarragako ospitalean 16 lagun daude ingresatuta, eta atzotik ez da alta berririk izan.
Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, beste 8 lagunek eman dute positibo koronabirusaren azterketetan, eta horrenbestez, Goierrin 73 lagun leudeke gaitzak jota. Asteburuan izandako igoeraren ondoren, azken bi egunetan baretzen ari dela dirudi kasuen igoera, nahiz eta atzotik kasu gehiago agertu diren.
Ordizia eta Beasain daude orain kasurik gehien dituztenen artean, eta bi herri horietan agertu dira kasu berririk gehienak, lau Ordizian eta bi Beasainen. Zegaman eta Seguran ere, kasu bana atzeman dute; azken horretan, lehendabizikoa litzateke, gainera. Zumarragako ospitalean, 16 lagun daude koronabirusagatik ingresatuta, eta atzotik ez da alta berririk izan.
Gipuzkoa mailan ere goraka jarraitzen dute koronabirus kasuek, nahiz eta igoera hori apaltzen ari dela dirudien. Guztira 4.371 test edo azterketa egin dituzte orain arte lurraldean, eta 1.113 positibo kasu atzeman dituzte –lautatik batek eman du positibo–. EAE mailan berriz, 6.320 dira positibo kasuak guztira.
Positibo emandakoen kopurua, herriz herri:
- Ordizia …………………. 16 (+4)
- Beasain ………………… 14 (+2)
- Zumarraga ………….… 13 (=)
- Legazpi……….…………. 6 (=)
- Urretxu……..…………… 6 (=)
- Legorreta……………….. 5 (=)
- Zegama………………….. 5 (+1)
- Lazkao…………………… 2 (=)
- Arama …………………… 1 (=)
- Ataun ……………………. 1 (=)
- Gaintza …………………. 1 (=)
- Idiazabal ……………..… 1 (=)
- Olaberria ……………….. 1 (=)
- Segura …………………… 1 (+1)