Maiatzaren 24an ez da Zegama-Aizkorri maratoirik izango
2021erako gordeko dira zozketa eta denboraz lortutako dortsalak eta baita beraien itxaron zerrendak ere. Hau dela eta, 2021ean ez da aurre izen ematerik egongo eta ezta dortsalen zozketarik ere
Maiatzaren 24ko asteburuan egitekoa zen XIX. Zegama-Aizkorri proba bertan behera geratu dela jakinarazi dute Zegama-Aizkorriko komunikazio taldeak eta Salomon Españak. Osasun-agintarien eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren argibide eta gomendioei jarraituz hartu dute erabakia: «Covid-19k eragindako egungo krisi globalaren ondorioz eta datozen hilabeteetan aurreikusten den salbuespenezko egoera ikusita».
Antolatzaileen esanetan, “asko kosta zaigu erabakia hartzea baina gure aldetik arduratsuena dela iruditzen zaigu!”. Izan ere, “ezin dugu korrikalari, boluntario eta urtez urte mundu guztian zehar euskal zalegoaren nortasuna erakusten duen zalegoaren segurtasuna bermatu. Segurtasuna gure zutabe eztabaidaezina izan da 2002. urtean lehen edizioa antolatu genuenetik”.
Bestalde, “ezin dugu ziurtatu dortsala duten guztiak hemendik bi hilabetera gure herrian egongo direla beraien sasoi betean. Eusko Jaularitzak ezarri zituen lehenik neurriak eta ondoren Espainiar gobernuak areagotu ditu “Osasun alarma egoera” dekretatuaz gutxienez apirilaren 11 arte, konfinamendu aginduarekin. Badakigu zer suposatzen duen guzti honek gure partehartzaileentzat, etxean sartuta irten ezinik aurkitzea eta egoki entrenatu ezinik. Nahiz eta esan beharrean gauden zuen irudimen eta entrenatzeko gogoak irabazi eta txunditu gaituela!”.
Dirua itzuli
Araudiari jarraituz, izen ematea egindakoei osorik itzuliko diete ordaindutakoa. “Gure aldetik logikoena eta etikoena dela pentsatuz, 2021erako gordeko dira zozketa eta denboraz lortutako dortsalak eta baita beraien itxaron zerrendak ere. Hau dela eta, 2021ean ez da aurre izen ematerik egongo eta ezta dortsalen zozketarik ere”.