Etxera erosketak eta enkarguak eramateko zerbitzua, bidean
Compraiders enpresa sortu dute Urko Garmendiak eta Dani Rinconek. Glovoren negozio ereduan oinarritu dira. Alarma egoera aukera ona izan daitekeela diote
Gaztetxoa zenetik izan du buruan ekintzailetasuna Urko Garmendiak(Legazpi, 2000). Egunen batean enpresa bat sortzeko asmoari tiraka, ikasketak ere arlo horretatik bideratu zituen eta oraindik amaitzear dituenean, azken ukituen zain dagoen proiektu bat du esku artean: Compraiders, erosketak egin eta etxera eramango dituen enpresa. Bergarako Dani Rincon du bidelagun abentura honetan.
Estatu Batuetan ikasi zuen Batxilergoaren lehen maila Garmendiak, eta hantxe izan zuen lehen kontaktua enpresa munduarekin. Legazpira izuli zenerako argi zuen ekintzaile izan nahi zuela. Horregatik aukeratu zuen lan esparru horrekin zerikusi zuen karrera, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza edo LEINN; 2. urtean dabil aurten. Ikasketak osatzeko, on line dendetan eta marketin digitalean espezializatu da, eta duela gutxi Bilboko Denium Startups negozio inkubagailuan sartu da.
Prestakuntza horren guztiaren lehen emaitza Rinconekin garatu duen ideia da, Compraiders. «Arazo bat sumatu genuen, batez ere herrietan: jende asko dago ezertarako denborarik gabe, eta eguneko erosketak egiteko denbora asko behar da», azaldu du Garmendiak. Berehala, susmoa egiaztatu eta buruan zuten zerbitzua erabiliko luketen balizko bezeroak bazeudela ikusi zuten. Zerbitzu horrek Glovo eta antzeko enpresek hiri handietan egiten dutena eskainiko luke: oso denbora gutxian erosketak egin, jaso eta etxean entregatu banatzaileen bitartez.
Glovoren metodoa
«Metodoa kopiatu eta hiri txikiagoetan edo herrietan zerbitzu hori ematea da gure helburua», dio Garmendiak. Horretarako, bi alderdi landu behar dituzte, «bezeroa erakartzea, eta erosketak eta banaketak egingo dituzten langileak aurkitzea». Negozio mota hauek eskalagarriak dira legazpiar gaztearen esanetan, hau da, hazteko aukera handiak dituzte, baina kontrako muturrean, langileen baldintza txarrak daude; «guk alde horretatik ondo egin nahi ditugu gauzak, azken batean enpresa mantenduko dutenak dira eta ondo zaindu behar dira». Langile horiei compraider deituko diete.
Merkatua aztertuta eta negozioaren izaera erabakita, balioztatze fasean sartuta daude orain. Inkesta bat zabaldu dute sare sozialetan, lehenengo bezeroak aurkitzeko eta proba bat egiteko helburuarekin. Proba ondo ateratzen bada, zerbitzua eskatzeko aplikazio bat sortuko dute eta lanean hasiko dira.
Orain, koronabirusa tarteko, ez dirudi oso momentu egokianegozio bat abiatzeko, baina Garmendiak dioenez, «jendea erosketak internet bidez egiten ari da, eta une ona iruditzen zaigu zerbitzua probatzeko eta ezagutzera emateko». Hala, herriren batean hamar bezero izanez gero eta compraider bat, zerbitzua martxan jarriko lukete, eta oso posible da hori datozen egunetan egitea. «Konpetentzia handia dago, eta azkar ibili beharra dago». Compraiders zerbitzuak 5-9 euro artean balioko luke.
Informazio gehiago ugarmendia17@gmail.com helbidean.