Legorretako herritar bat hil da koronabirusak jota
Familiari eta lagunei doluminak bidali eta "koronabirusaren eragina jasten ari diren herritarrei" elkartasuna adierazi die udalak. Herritarren ahalegina eskertu du, eta egunotan hartutako hainbat neurriren berri eman du.
Legorretako Udalak jakinarazi duenez, “koronabirusak gizarte osoa” kolpatu du egunotan, eta Legorretara ere iritsi da “haren arrasto beltza”. Izan ere, Covid 19 gaitzak jota hil den herritar baten heriotzaren berri eman dute. Haren senide eta lagunei doluminak adierazi eta “koronabirusaren eragina jasaten ari diren herritar guztiei” elkartasun mezua bidali die udalak, gai horrekin lotuta hainbat baliabide martxan dituztela gogoraraziz. “Momentu honetan koronabirusari aurre egitea da udal honen lehentasuna, eta gaixotasuna jasaten ari diren herritarrei ahalik eta laguntza handiena ematea”. Osasun Sailaren azken datuen arabera, 5 lagun leudeke koronabirusak jota Legorretan.
Zaintzaren arloari garrantzia handia eman dio udalak, eta esker ona adierazi diete senide nahiz beste herritarrak zaintzeko lanean ari direnei, etxeetara jakiak eramaten ari diren boluntarioei, edota koronabirusa ez hedatzeko neurriak hartu dituzten saltzaileei. Baita etxean maskarillak egiten, edo etxeko itxialdia ipuin, bertso edo musika bidez arintzen saiatzen ari diren herritarrei ere. Bereziki gogoan izan dituzte osasun zerbitzuetan lanean ari diren herritarrak ere, elkartasuna eta esker ona adieraziz.
Gaur argitaratu duen oharrean, Legorretako Udalak koronabirusari aurre egiteko hartu dituen neurrien berri ere eman du. Jarraian irakur daiteke agiria osorik: