Beste 12 positibo kasu berri agertu dira Goierrin, eta 90 dira denera
Osasun Sailaren gaurko txostenak datu kezkagarria eman du, beste 12 kasu gehiago atzeman baitituzte eskualdean. Zumarragako ospitalean 15 lagun daude ingresatuta eta 2 alta eman dituzte atzotik.
Koronabirusagatik positibo emandakoen kurba egonkortzen ari zela zirudien arren, Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, beste 12 kasu agertu dira Goierrin, eta kopuru osoa 90era igo da. Beasainen dago, une honetan, foku nagusia, 23 kasurekin; atzotik, 6 positibo berri agertu dira bertan. Hain zuzen ere, Beasaindik iritsi da gaurko albiste txarra, Beasaingo Arangoiti egoitzan izandako bigarren heriotzaren berri eman baitu udalak. Adinekoen egoitza horretan zortzi egoiliarrek eman dute positibo dagoeneko, eta gaur jakin denez, baita hiru zaintzailek ere. Denak isolamendu egoeran daude.
Ordizian (3), Zumarragan (2) eta Urretxun (1) agertu dira gainontzeko kasu berriak. Zumarragako ospitalean, 15 lagun daude ingresatuta Covid-19 gaitzagatik, eta bi alta eman dituzte atzotik.
Gipuzkoa mailan ere goraka jarraitzen dute koronabirus kasuek, nahiz eta igoera hori apaltzen ari dela dirudien. Guztira 5.024 test edo azterketa egin dituzte orain arte lurraldean, eta 1.288 positibo kasu atzeman dituzte –lautatik batek eman du positibo–. EAE mailan berriz, 7.317 dira positibo kasuak guztira.
Positibo emandakoen kopurua, herriz herri:
- Beasain ………………… 23 (+6)
- Ordizia …………………. 19 (+3)
- Zumarraga ………….… 15 (+2)
- Legazpi……….…………. 8 (=)
- Urretxu……..…………… 7 (+1)
- Legorreta……………….. 5 (=)
- Zegama………………….. 5 (=)
- Lazkao…………………… 2 (=)
- Arama …………………… 1 (=)
- Ataun ……………………. 1 (=)
- Gaintza …………………. 1 (=)
- Idiazabal ……………..… 1 (=)
- Olaberria ……………….. 1 (=)
- Segura …………………… 1 (=)
AGIRIA. Osasun sailaren txosten osoa. 2020-04-01