Bigarren heriotza Beasaingo adinekoen egoitzan
Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, koronabirusagatik gaixorik zegoen bigarren egoiliar bat hil da Arangoiti adinekoen egoitzan.
Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitzan bigarren pertsona bat hil da, egun gutxiko tartean. Udalak azaldu duenez, “joan den astean egoitzan kutsatu ziren lehen bi kasuetako bigarrena” izan da gaur hil dela jakin dena -aurrenekoa martxoaren 29an zendu zen-. Koronabirusaren gaitza zuten biek, eta Donostiako zentro sozio-sanitario batera bideratu zituzten.
Arangoiti adinekoen egoitzan zortzi egoiliar kutsatu dira guztira. Aurreneko bi positibo kasuak dira hil direnak; gainontzeko seirak isolamendu egoeran daude, egoitzan bertan. Udalak azaldu duenez, beste hiru langile ere kutsatua daude, eta haiek ere isolamendu neurriak ari dira betetzen.
Osasun alertak eta alarma egoerak dirauen artean “egoitzako bisita-erregimenak itxita” jarraituko du eta udalak jakinarazi duenez, osasun-agintariek kasu hauetarako protokoloak agindutako isolamendu-neurriak mantenduko dira.