Etxera itzultzea odisea bihurtuta
Etxean egoteko agindua eman dutenean, etxera itzultzeko komeriak izan dituzte askok, koronabirusak lanagatik, ikasketengatik edo oporrengatik atzerrian harrapatu eta gero.
Etxetik kanpo, atzerrian harrapatu ditu asko koronabirusak ikasketak, lana edo oporrak tarteko. Hainbat herrialdetan mugak ixteak eta hegaldiak bertan behera uzteak arazoak eragin dizkie askori etxera itzultzeko.
Legazpiko Josetxo Maiz eta Ana Mari Etxaniz senar-emazteei hala gertatu zaie. Perura joanda ziren bidaian Bizkaiko talde batekin, eta ibilbide osoa amaitu gabe, egun batzuk egon dira hiriburuko hotel batean itzuli ezinik. Joan den astean iritsi ziren azkenik Legazpira, eta urduritasunak eta nekea igarota, eta etxe barruan igaro behar duten hamabost eguneko derrigorrezko berrogeialdiaren erdi-erdian, bizi duten odisea kontatu dute.
Irteeran, arazorik ez
Bidaia nola antolatu zuten azaldu du Etxanizek: «Aurretik bidai luzeak egin ditugu agentzia honekin [Erandio Bidaiak], lagunak eta eginda ditugu, eta aurten martxoaren 8tik 19ra Perura joatea erabaki genuen. Lima, Valle Sagrado, Aguas Calientes, Machu Pichu, Puno eta titi Taca lakua, Lima zen gure ibilbidea». Hamasei laguneko taldea ziren.
Hala, aurreikusitako egunean, martxoaren 8an eta Espainian eta Perun oraindik kutsatu gutxi batzuk zeudela, Madrildik abiatu ziren. «Ez zegoen inolako debekurik, gu nahiko lasai joan ginen» azaldu du. Behin Perun, ibilbiderari ekin zioten. Baina egunak aurrera zihoazela, taldeko gidariak bidaia seguraski lehenago bukatu beharko zutela jakinarazi zien, hango agintariak koronabirusaren aurkako neurriak hartzen hasita baitziren. Hala ere, aurrera jarraitu zuten eta Machu Pichu bisitatu ostean, igandean, martxoak 15, Cuzcora joan ziren. «Han afaltzen ari ginela, telebistan presidentea agertu zen esanez gauerdi hartan bertan aireportuak itxi behar zituztela». Hurrengo eguna «zoramena» izan zela gogoratu du, «goizeko 10:00etarako aireportua kolapsatuta zegoen»; ez zuten lortu hegaldirik. Bolivia igaro eta Brasilera joatea proposatu zieten handik irteteko, eta abiatu ere egin ziren, baina autobusean lehen kilometroak egin eta gero, mugak itxita zeudela jakin zuten, eta Cuzcora itzuli ziren. Hotelean zeudela, Limara joateko hegaldi bat lortu zuten eta astelehenean bertan, gauerdian iritsi ziren hiriburura. Hango hotel batean egon dira konfinatuta etxera itzuli arte, ia 10 egun.
Hotelean zain
Limako hotelean zeudela, Espainiako enbaxadarekin eta kontsulatuarekin harremanetan jartzen saiatu ziren, baina «ez zuten telefonoa hartu ere egiten; lehen egunetan oso nahasia izan zen harremana, eta han egon ginen azken hiru egunetan bakarrik arduratu dira gutaz», salatu du Etxanizek.
Hotelean gaizki ez zeudela esan du, batez ere hasieran, etxeratze-agindua izan arren denak batera terraza batean elkartzeko aukera zutelako edo eskaileratan gora eta behera ariketa pixka bat egiten zutelako. Baina egoera gogortzen joan zen eta gelan sartuta egotera derrigortu zituzten; «bost-bat egun oso txarrak izan ziren, janaria bagenuen, lo egiteko lekua ere bai, baina handik noiz irtengo ginen ez jakiteak ziurgabetasun handia eragiten zigun». Gainera, taldeko kide batzuk botikak behar zituzten; farmazian ez zituzten aurkitu eta gobernuz kanpoko erakunde baten bidez eskuratu zituzten. Hura ere, kezka iturri eta, gainera, gaixotasuna harrapatuko ote zuten beldurra ere zabaltzen hasi zen euskaldun hauen artean: «Ur hotza edaten ere ez ginen ausartzen, eztarriko mina izango ote genuen beldur!».
Bitartean, etxera itzultzeko gestioekin jarraitu zuten eta hemengo komunikabideekin eta hainbat politikarirekin harremanetan jarri ziren. Change.org plataforman firma bilketa bat ere abiatu zuten hemendik. Guztia, erakundeen aurrean presioa egiteko helbururekin.
Eta zerbait lortu zuten, igandean, martxoak 22, Iberiaren hegazkin batean tokia izango zutela agindu zietelako, «hegaldirako txartelak ere bagenituen, baina bezperan bidairik ez zegoela abisatu ziguten».
Azken egunak, oso urduri
Handik aurrerako egunetan oso urduri egon zirela dio Etxanizek. Gainera, taldeko emakume bat gaixotu egin zen eta koronabirusa ote zuen beldur, protokoloak jarri zituzten martxan; haren ondorioz zalantzan jarri zieten denei etxera itzuli ahal izango zuten. Baiezkoa eman zieten azkenik, eta Espainiarako antolatuko zuten lehen hegaldia hartuko zutela agindu.
Martxoaren 25ean, asteazkena, hartu zuten itzulerako hegazkina, komedia ugariren ondoren. «Goizeko 05:00etan atera ginen hoteletik kontsulatura, han pasaporteen kontrola egiteko. Gero autobusa hartu eta aireportura, eta karpa handi batean tramite guztiak egin ondoren, berriz ere autobusera…». Baina taldean azkenean positibo eman zuen emakume bat zutenez, banan-banan tenperatura hartu zieten eta «hasieran Iberiak ez bazuen nahi ere, azkenean abioian sartu ginen eta etorri ginen, hori bai, atzeko aldean eserita eta gainerako bidaiariengandik isolatuta». Gaixorik zegoen emakumea Perun geratu zen. Gainerakoak, ostegunean, martxoak 26, iritsi ziren etxera.
Etxeko lasaitasunetik, «zorte txarra» izan dutela dio Etxanizek, eta bizi dutena bizi izan arren, eta hainbat toki ezagutu gabe geratu badira ere, Peru eta perutarrak «zoragarriak» direla. Bidai ikaragarri hau bezala, hotelean atera ezinik egon diren egunetan eta etxera iritsitakoan jaso dituzten elkartasun mezu guztiak eta firma bilketa ere ez dituzte ahaztuko.