Jon Plazaola: konfinamendua, herrian hobe
Bere lana dela eta, Jon Plazaola aktore urretxuarrak denbora asko ematen du etxetik kanpo. Konfinamendua herrian egiten ari da, ordea: agintariek halako erabaki bat hartu zezaketela ikusi bezin laister, herrira etortzea erabaki zuen.
Madrilen lan egiten ari zen, eta hango egoera asko okertzen ari zela ikusirik, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. «Que nadie se mueva antzezlanarekin, martxoaren 29a arte saioak genituen. Alarma egoera dekretatu aurretik ikastetxeak itxi zituzten eta etxera itzultzea erabaki nuen. Ez nuen nahi konfinamenduak Madrilen harrapatzea. Gainera, apirilaren 3an Aitziber Garmendia eta biok Losers antzezlanarekin hastekoak ginen». Que nadie se mueva lanaren bederatzi funtzio galdu dituzte. Losers-enei dagokienez, berreskuratzea espero dute.
Beste behin, kultur munduko langileek gaizki pasako dutela uste du. «Mundu honetan autonomo asko dago. Lankide askori kuota kobratu diete, baina azken hilabetean ez dute batere lanik izan. Eta konfinamendua bukatzen denean kulturari zenbaterainoko garrantzia ematen zaion ikusi beharko da. Egunotan zuzenekoak eskatzen dizkigute jendea entretenitzeko. Ea normaltasunera itzultzen garenean ere gutaz gogoratzen diren».
Egunotan ETB1eko Gure Kasa saioan lan egiten ari da, etxetik. Konfinamendua ondo daramala dio. «Egunak pasa ahala gogorragoa izango dela uste dut, baina gure esku dago entretenituta egotea. Goiz jaikitzen naiz, lasai gosaltzen dut, zereginen zerrenda egiten dut, ariketa fisikoa egiten dut, irakurri, telesailak eta pelikulak ikusi…».