Garikoitz Maiz izango da Zelai Amenabarro alkatearen ordezkoa hurrengo hilabeteetan
Urte bukaerara arte, Garikoitz Maizek hartuko du Amenabarro alkatearen tokia, jardunean. Hirigintza eta zerbitzu arloko zinegotzia da. Alkatetza "egoera zailean" hartzea tokatu bazaio ere, "lan talde sendoa" dutela dio.
Haurdunaldiari dagokion baja hartu du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak; ondorioz, Garikoitz Maiz izango da aurrerantzean jarduneko alkatea. Amatasun baimena bukatutakoan itzuliko da Amenabarro bere zereginetara, urte bukaera aldera. Alkate dekretu bidez onartu da karguaren aldaketa.
Garikoitz Maiz legorretarra da eta hirigintza eta zerbitzu zinegotzia izan da legealdi honetan. Alkate kargua hartzea egoera oso “zailean” izan bada ere, “lan talde sendoa” du ondoan eta hurrengo hilabeteetan helburua “ahal den lan txukunena egitea” izango dela esan du.
Neurri berriak
Azken egunetan, udaletik ekimen ugari bideratu dituzte Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. Boluntario talde bat maskarilak egiten ari da. Udalak erosiko du materiala, eta izena ematen duten jostunen artean banatuko du, etxeetan maskarilak josi ahal izateko. Maskarila horiek, gero, herrian sortutako beharrak asetzeko izango dira: boluntario taldea, merkatariak, zaintzaileak… Egitasmo honetan parte hartu nahi duenak deitu dezala edo mezu bat bidal dezala 610 011 742 telefono zenbakira.
Bestalde, dirulaguntza lerro bat zabaldu du Udalak haurrak, adinekoak eta menpekoak zaintzeko: koronabirusaren ondorioz lan baimena eskatu behar izan dutenek edo zaintzaile bat kontratatu behar izan dutenek eska dezakete laguntza hori.
Eta gainera, jarduera ekonomikoari COVID-19 birusak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko laguntzen inguruko informazioa helarazi du Udalak.
Informazio gehiago, Legorretako Udaleko webgunean.