Legazpiko Udaleko langileek banatuko dituzte azokako baserritarren produktuak
Ostiraleko azoka egitea galarazi egin du Legazpiko Udalak, baina bertako baserritarrei euren produktuak saltzeko irtenbidea eman die; telefonoz egindako enkarguak bezeroen etxeetara eramango dituzte udal langileek. Kontsumo taldeko banaketa ere egingo dute.
Legazpin azoka martxoaren 13an egin zen azkenekoz, eta harrez gero ez da egin koronabirusak eragindako egoeraren aurrean udalak hala erabakita. Ondorioz, bertara joan ohi diren baserritarrek etxez etxeko salmentari ekin behar izan diote euren produktuei irteera emateko, baina udalak jakinarazi duenez, arazoak dituzte osasun protokoloak eta eskakizunak betetzeko. Horren aurrean, produktuen banaketa udal langileek egingo dutela erabaki du.
Beraz, ostiraleko azokako ohiko postuetako produktuak kontsumitu nahi dituen legazpiarrak baserritarrarekin jarri beharko da harremanetan erosketa egiteko, eta ondoren, udala arduratuko da erositako produktuak bezeroaren etxera eramateaz. Makatzako Ines Argaratek (943 73 40 51), Telleriko Mari Tere Madinabeitiak (943 73 08 26) eta Gabiriako Anttoni Murgiondok (943 16 11 37) baserriko produktuak salduko dituzte, Udanako Maite Iturbek (943 58 51 50) ogia eta Berroetak (943 724569) ogia eta gazta.
Azokako produktuen etxez etxeko banaketa zerbitzua apirilaren 8an, asteazkena, eta apirilaren 17an eta 24an, ostirala, eskainiko da.
Bestalde, hurrengo astelehenean, apirilak 6, zerbitzu bera eskainiko zaie beren produktuak astelehenetan jaso ohi dituzten kontsumo taldeetako herritarrei.