Mugimenduan estatikatik
Jon Mendizabal ordiziarrak zuzeneko 'spinning' saioak eskaintzen ditu Jakintza Ikastolaren Facebook orrialdean. Goierri Telebistak grabatutako saioak emango ditu
Hiru aste joan dira alarma egoera ezarri zenetik, eta ekintza ugari egin dituzte goierritarrek egun hauek arintzeko. Jon Mendizabal ordiziarrak spinning saioak eskaintzen ditu Internet bidez. Ordiziako Jakintza Ikastolako soinketa iraskalea da, eta etxean geratu bitartean elkarbanatuko ditu saioak bizikletan.
«Ikastolako Facebook orrialdean hasi nintzen zuzeneko saioak ematen, eta hor jarraitzen dut». Azaldu du guraso eta irakasle pare batekin hitz egin zuela ekimena martxan jarri baino lehen: «Ea animatuko liratekeen galdetu nien eta horrela hasi zen». Etxeko txirrindu estatikoa hartu eta spinning saioei ekin zien: «Ikasleekin Majorin spinning saio bat egiten dugu urtean behin, asko gustatzen zaie, eta hortik suertatu zen».
Facebook-en eskuragarri
Saioak grabatzen dituzte, eta nahi duenak eskuragarri ditu Jakintza Ikastolako Facebook orrian. Goierri Telebistak ere emango ditu Mendizabalen saioak bizikleta gainean. Konfinamendua amaitu arte egingo dituela azaldu du ordiziarrak: «Egoera ikusita, etxean jarraitu behar dugula, eta jendeak ondo pasatzen duela saioekin, ez dut pentsatzen gelditzea». Astean bitan eskainiko ditu: «Asteazken eta ostiralero 12:00etan hor izango naiz etxean gauden bitartean». Guztira, ordubeteko saioak izaten dira: «Hasieran beroketa txiki bat, estutzeko abesti batzuk ondoren, abesti lasaiagoa gero, eta bukaeran indarra lantzeko ariketak eta luzapenak».
Goierritik kanpo
Goierrin ez ezik, beste lurralde batzuetan ere ikusi dituzte saioak: «Bilboko eta Eibarko lagun batzuek saioak egiten dituztela esan didate, eta Galiziako lehengusuak ere badakit egiten dituela; gaur egungo sare sozialekin pixka bat zabaldu da».
Saioen amaieran, alarma egoeran lanean dauden langileak ekartzen ditu gogora Mendizabalek: «Mediku, erizain, farmazialari, supermerkatuko langileei…saioa haiei eskaintzea gustatzen zait, azkenean haiek daude erne eta tinko lanean».