Ordiziako Artzain Eguna bertan behera gelditu da
Alarma egoera indarrean dagoenez, eta egoera honen luzapena noiz artekoa izango den jakin gabe, herritar eta bisitarien segurtasuna bermatzea lehenetsi du Udalak. Gazta mozketari dagokionez Udalaren asmoa da, posible den bezain laster ekitaldi hori burutzea.
Ordiziako Udalak jakinarazi du, apirilaren 15ean ospatzekoa zen Artzain Eguneko azoka berezia bertan behera gelditzen dela. “COVID-19 pandemiak eragin duen Alarma Egoera indarrean dagoenez, eta egoera honen luzapena noiz artekoa izango den jakin gabe, ezinezkoa da segurtasun neurriak bermatu ahal izatea, eta, beraz, ez egitea erabaki” dute. Ordiziako Udalaren lehentasuna, “herritarren eta kanpotik etortzen diren bisitarien segurtasuna da”. Birusaren hedapena mugatu nahian, erabaki horrekin “jende pilaketak ekidin” nahi dituzte.
Artzain Eguneko azoka berezia atzeratzea “ezinezkoa” dela esan du Udalak, “aste santuko oporralditik kanpoko asteazken arrunt batean antolatzea oso zaila litzatekeelako”. Gaztaren mozketari dagokionez, salbuespen egoera honen amaiera noiz etorriko den ezagutu gabe, oso zaila da data berri bat aurreikustea. Alabaina, Ordiziako Udalaren asmoa da posible den bezain laster ekitaldi hori burutzea.
Udalarentzat “ekitaldi garrantzitsua”
Artzain Eguna “ekitaldi garrantzitsua” da Ordiziako Udalarentzat, izan ere, “lehen sektorearekin lotutako ekoizleak elkartzen dira udalerrian eta Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena ere egiten” delako.
Horrez gain, egun horretan, artaldeak Ordiziako Kale Nagusia igarotzen dute, udaberriko mendilerroetara igoera irudikatuz. Bestalde, animaliak ere ikusgai jartzen dira herriko hainbat gunetan, besteak beste.