Uztarentzako irtenbide bila
Baserritarren salmenta gune nagusiak diren azokak galerazi dituzte herri gehienetan. Ordizian eta Zumarragan bakarrik egiten dira. Kontsumo taldeen banaketa aldatu dute
Koronabirusak ia dena geldiarazi duen honetan, naturak bere martxarekin jarraitzen du eta udaberriarekin batera kukua kantuan hasi den bezala edo zuhaitzak loretu diren bezala, baratzetako eta soroetako landareak ere aurrera doaz. Uztak ez du etenik eta baserritarrak irtenbidea eman behar dio lurrak ematen dionari.
Herriz herri egiten diren feriak eta kontsumo taldeak dira gaur egun baserritarren saltoki nagusiak, baina alarma egoerak horietan ere eragina izan du. Goierrin, Ordizian eta Zumarragan izan ezik, ez dira egiten asteroko azokak, eta kontsumo talde batzuk ere aldatu egin behar izan dute banaketa sistema.
Ordizian eta Zumarragan
Koronabirusa dela eta, merkatal jardueren inguruan Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideen arabera, asteroko azokak egin daitezke, «baimendutako produktuak saltzeko bakarrik, eta ezarritako osasun-arauak betetzen badira». Aldi berean, Osasun sailak gomendatu du salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elika- gaien salmenta aire librekoa saihestea. Bi ikuspuntu horien aurrean, udal gutxi batzuk asteroko ferien aldeko apustua egin dute, baina gehienek bertan behera uztea erabaki dute.
Ordiziako Udala izan da asteroko azokari irtenbidea bilatu dion lehena, hori bai, jarduera asko murriztuta eta segurtasun neurri zorrotzak ezarrita, besteak beste edukiera, jendearen arteko distantziak eta osasun osasun baldintzak ondo zainduz. Konfinamendua hasi eta lehengo asteazkenean, martxoaren 18an, ohiko tokian egin zen feria, Plaza Nagusian, Adur Ezenarro alkateak esan zuen bezala, «baserritarrei euren produktuak saltzeko aukera bermatzeko». Bederatzi postutan banatutako hamar ekoizleri eman zien udalak beren produktuak saltzeko aukera: barazkiak, fruta, gazta… Lehen esperientzia hura positibotzat baloratu zuten udalak, sailtzaileek eta erosleek, eta hurrengo bi asteetan ere egin da feria, baina segurtasun neurriak gehiago kontrolatzeko, Beti-Alai frontoian. Hemengo esperientziaz ere balorazioak onak dira, eta hurrengo asteazkenetan ere egingo dira feriak.
Zumarragan ere egiten da feria, eta biharkoa konfinamendu ko bigarrena izango da martxoaren 21ekoa bertan behera geratu zen. «Baserritar ekoizleen produktua galkorra denez, irteera bat eman nahi genien; baserritarrak eske genituen, eta herritar asko ere bai», azaldu du Mikel Serrano alkateak. Ohiko tokian egin zen joan den larunbatean feria, Euskadi plazako arkupeetan egokitutako gune itxian, lau saltzailerekin. Biharkoan, «aurreko astean antzeman genituen gabezia batzuk konpondu, eta segurtasun neurri handiagoak erabiliko ditugu, udaltzainek lagunduko dute lan horietan». Gainera, postu gehiago izango dira, sei guztira, bertako barazki, fruta, ogi eta gaztarekin.
Beasaingo, Legazpiko, Urretxuko eta Lazkaoko azoketara ere joaten dira baserritarrak euren uztako produktuak saltzera, baina lau herri horietan ez dira egiten ari egun hauetan, eta feriak ez dira berreskuratuko egoera hau normaldu arte.
Kontsumo taldeak
Azokez gain, azken urteetan zabaldu diren kontsumo taldeak ere erabiltzen dituzte baserritarrek euren uztak saltzeko. Ekoizle bakoitzak bezero poltsa bat du eta hileko kuota finko baten truke, astero bere produktuekin osatutako otarra prestatzen die; otarrak banatzeko hitzordu eta toki finko bat izaten dute.
Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, kontsumo talde batzuen funtzionamenduak aldaketak izan ditu, baita Goierrikoetan ere. Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxaustiren taldea, aldiz, «normaltasun maila altuarekin» dabil; Zerainen bertan, Seguran, Mutiloan eta Urretxun banatzen ditu saskiak, eta ez du arazorik izan. Hori bai, Ordiziako azokan duen postuan bezala, segurtasun neurriak hartu behar ditu: «Barazkiak poltsetan sartuta eramaten ditugu, trukeak ahalik eta laburrenak izateko eta bezeroen pilaketak ekiditeko, distantziak gordetzen ditugu, maskarak eta eskularruak janzten ditugu… ».
Herri horietan, beraz, ez da arazorik, «baina beste toki batzuetan ezin dute gauza bera esan, Legazpin adibidez, ez dietelako utzi ohiko tokian saskiak banatzen eta etxez etxe banatzeko ere trabak jarri dizkie. Batzuei salaketak eta isunak ere jarri dizkiete horregatik».
Izan ere, ohiko banaketa bidea itxita, otarrak etxez etxe banatzea izan da irtenbidea baserritar batzuentzako. Beasainen ere aldatu behar izan dute baserriko produktuen otarren banaketa, udalak galerazi egin baitie kontsumo taldeei ohiko moduan egitea; etxez etxe ari dira hemen ere produktuak eramaten.
Ordizian eta Ataunen dauden beste kontsumo taldeak, berriz, normal ari dira lanean.
Beste ekimen batzuk
Ekoizleekiko ardura geroz eta handiagoa da, eta azken egunetan erakundeek hainbat ekimen jarri dituzte martxan; baserritarrei produktuak merkaturatzen laguntzeko helburuarekin, bilketa eta salmenta zerbitzuak abiarazi dituzte.
Goierrin ere badira antzeko ekimenak, eta Ordiziko Udalak, esaterako, Azoka, baserritik etxera proiektua jarri du martxan. Azokara joaten ez diren saltzaileei ere euren produktuak saltzeko aukera eman nahi diete horrekin; «erosketak telefonoz edo Whatsapp bidez egin beharko dira, zerrenda helarazi beharko zaio baserritarrari, eta asteazken goizerako erosketa horiek Beti-Alai frontoian jasoko dira». Ordainketak saltzaileen eta erosleen artean adostuko dira.
Legazpin ere antzeko irtenbidea aurkitu dute azokara joaten diren bertako ekoizleentzako, baina kasu honetan udal langileak arduratuko dira etxez etxe banaketa egiteaz. Kontsumo taldeetako banaketa ere bere gain hartu du udalak.
Bi kasuetan, ekoizleen telefonoen zerrendak udalaren webguneetan jarri dituzte herritarren eskura.
Zumarragan eta Beasainen ere baserritarrentzako salmenta bide berriak aztertzen hasita daude eta laster jarriko dituzte martxan.