Aberri Eguna balkoietan eta elkarrekin ospatzeko deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak
Hainbat pertsonaia ezagunek babestu dute 'Euskal Herria batera' ekimena. Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatu eta elkarrekin kantuan egitea proposatu dute, igande eguerdirako.
2020ko Aberri Eguna berezia izango da, inondik ere. Koronabirusa dela eta, ezin izango baita ekitaldi jendetsurik egin. Egoera horren aurrean, ordea, balkoietan eta denok elkarrekin ospatzeko deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak, hainbat pertsonaia ezagunen babesarekin. Balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jarriz “ikur kolektibo bat” osatzea eta elkarrekin abestea proposatu dute, besteak beste, euskaldunen erabakitzeko eskubidea defendatu eta eskubide guztien jabe izango den euskal nazioa aldarrikatzeko. Deitzaileen artean daude Angel Oiarbide, Iñaki Dorronsoro, Mikel Irizar eta Xabier Barandiaran goierritarrak (zerrenda osoa behean).
Balkoietan jarritako ikurrekin mosaiko digital erraldoi bat osatzea da asmoa, “bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin”, Aberri Egunean sare sozialen bidez zabaltzeko. Horrekin batera, egun eta ordu berean euskal irratietan egingo den emankizun berezia jarraituz, elkarrekin abesteko deia egin dute. “Baliatu dezagun 2020ko salbuespen egoera hau Aberri Egunari zeregin berri bat emateko: euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean”.
“Osasun itxialdiaren zama arintzeko, batera irteten ari gara etxeetako balkoietara eta leihoetara, kantuan egiteko eta txalo jotzeko. Elkarrekin aldi berean egindakoak babesa eta indarra ematen digulako. Euskal Herrian batera egiten dugunak elikatzen du sendotu nahi ditugun komunitate sentimendua eta herri kontzientzia”. Krisialdi honetan “euskal komunitateak bere indarra” erakutsi behar duela uste dute: “etorkizuneko erronkei begira, lankidetza aldarrikatu nahi dugu erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen batera jarduteko, egoerak hala eskatzen duenean”. Izan ere, deitzaileen ustez, “indar horrek eramango du gure herria erabakimena duten herri libreei dagozkien eskubide politikoen jabe” izatera.
Euskal Herria Batera!#AberriEguna2020
Publicada por Zorrotza Info en Domingo, 5 de abril de 2020
Talde sustatzailea:
1. Ainhoa Aiensa Laborda, Supermerkatu baten langilea. Iruñea, Nafarroa Garaia.
2. Aitor Servier Etxexuri, Bertsolaria. Azkaine, Lapurdi.
3. Amaia Merino Unzueta, Zinemagilea. Barañain, Nafarroa Garaia.
4. Amaia Nausia Pimoulier, Historialaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
5. Angel Oiarbide Ruiz, Arkitektu teknikoa. Idiazabal, Gipuzkoa.
6. Basilio Garcia Mayo, Udaltzaina. Amurrio, Araba.
7. Carlos R. Etxepare Rambosio, Kazetaria. Buenos Aires, Argentina.
8. Carlos Martinez Etxeberria, Ikaslea. Murchante, Nafarroa Garaia.
9. Cristina Jacas Mateu, Suhiltzailea. Soraluze, Gipuzkoa.
10. Estitxu Garai Artetxe, Publizista. Gordexola, Bizkaia.
11. Gaizka Aranguren Urrotz, Kazetaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
12. Iker Villa Baraja, Musikaria. Barakaldo. Bizkaia.
13. Iñaki Dorronsoro Plazaola, EIko lehendakaria. Ataun, Gipuzkoa.
14. Iñaki Pujana Aguirre, Garraiolaria. Dima, Bizkaia.
15. Iratxe Gonzalez Morcillo, Medikua. Portugalete, Bizkaia.
16. Josu Camara Izagirre, Aktorea. Lezama, Bizkaia.
17. Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzalea. Tolosa, Gipuzkoa.
18. Maddalen Arzallus Antia, Bertsolaria. Hendaia, Lapurdi.
19. Maialen Saez de Okariz Ruiz de Sabando, Erizaina. Gasteiz, Araba.
20. Marijo Monco Garcia, Garbitzailea. Lezo, Gipuzkoa.
21. Markel Susaeta Laskurain, Futbolaria. Eibar, Gipuzkoa.
22. Mario Zubiaga Garate, EHU-UPVko irakaslea. Durango, Bizkaia.
23. Mikel Irizar Intxausti, Jubilatua. Elorrio, Bizkaia.
24. Nerea Loron, La Furia, Abeslaria. Cascante, Nafarroa Garaia.
25. Pello Otxandiano Kanpo, Injenieroa. Otxandio, Bizkaia.
26. Terexa Lekunberri Indart, Antropologoa. Ortzaize, Nafarroa Beherea.
27. Xabier Barandiaran Irastorza, Soziologoa. Ataun, Gipuzkoa.