Arrakala digitalaren aurka, SIM txartelak eta ordenagailuak banatu dituzte Ordizian
Ordiziako Udalak eta Izarkom kooperatibak, Interneteko sarbide egokirik ez duten 21 familiari SIM txartelak banatu dizkiete, herriko ikastetxeekin eta Babes Zibilarekin elkarlanean.
Ikasle guztiek Interneterako sarbidea bermatuta izan dezatela, hori da Izarkom kooperatibak duela aste batzuk hasitako kanpainaren helburua. Arrakala digitala gainditu eta behar gehien duten familiei laguntzeko asmoz, Ordiziako Udala eta Izarkom hainbat SIM txartel banatzen ari dira herrian. Udalak “etxean internetera konexio egokia ez duten ikasleei laguntzeko proposamena” luzatu zien herriko ikastetxeei, eta hauek, behar horiek dituzten hainbat familia identifikatu dituzte. Oianguren ikastetxean 4 txartel eta Urdanetako ikasleen artean beste 17 erosi eta banatu ditu udalak. Gainera, horietako hainbat familiari, SIM txartelaz gain eskolako ordenagailuak ere banatu dizkiete. Babes Zibileko boluntarioen laguntza izan dute horretarako.