Hiru aste pasa dira, beste hiru falta
Goierrin 9 hildako utzi ditu koronabirusak, eta 115 herritar daude kutsatuta. Konfinamendua laugarren astean sartu da. Alarma egoera, apirilaren 26ra arte
Goierriko etxe batzuetara beste batzuetara baino lehenago iritsi zen koronabirusaren krisialdia. Legazpin, esaterako, Olazabal institutuko DBHko 4. mailako ikasleak Italiara egitekoak ziren ikasbidairik gabe geratu ziren hegazkina hartu baino lau egun lehenago; martxoaren 1ean joatekoak ziren Erromara. Urruti ikusten ziren oraindik bai gaixotasuna bai haren ondoriozkoak. Baina hona ere iritsi ziren, eta nola iritsi ere!
Atzora arteko datu ofizialen arabera apirilaren 6an Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek argitaratutakoak koronabirusak bederatzi hildako utzi ditu Goierrin, azkenak Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitzako bi egoiliar, eta 115 kutsatu zenbatu dira; Zumarragako ospitalean 19 pertsona daude ingresatuta. Gaixotasunak utzi ditzazkeen ondoriorik larrienak dira horiek, inolaz ere.
Baina bestelako ondorioak ere utzi ditu eta ekarriko ditu martxoaren 11n Munduko Osasun Erakundeak pandemiatzat jo zuen gaixotasunak. Kutsatze arrisku handia duela eta ospitalak gaixoekin ez kolapsatzeko helburuz, besteak beste, eskolak etenda, ezinbestekoak ez diren jarduerak bertan behera utzita eta herritarrok etxean konfinatuta gaude martxoaren erditik aurrera, Espainiako gobernuak estatu osorako ezarritako alarma egoeraren eraginez. Egoera horren barruan egunez egun aldatzen doaz neurriak, eta azkeneko berrien arabera, honek jarraipena izango du, gutxienez, apirilaren 26ra arte.
Etxean, martxoaren 15etik
Alarma egoera ezarri aurretik, eskolak eten egin zituzten hego Euskal Herrian eta Espainia osoan martxoaren 13tik aurrera. Hezkuntza jarduerak ordea, aurrera darrai eta ikasleek telematikoki jarraitzen dituzte klaseak.
Ostalaritza eta ezinbestekoak ez diren merkatal jarduerak galaraztea etorri zen gero, baita kultur eta kirol ekitaldiak ere. Goierrin hitzordu garrantzitsuak geratu dira bertan behera koronabirusaren ondorioz: Ordiziako Artzain Eguna, Lazkaoko San Prudentzio eta Legazpiko Santikutz jaiak, Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Ehun- milak probak…
Azkenik, martxoaren 15ean Espainiako gobernuak ezarritako alarma egoeraren ondorioz, herritarrok etxean konfinatuta geratu ginen. Hiru aste egin ditugu jadanik, erosketak egiteko eta nahitaezko diren beste zeregin batzuetarako bakarrik irteten. Hasieran lanera joateko ere irten zitekeen etxetik, baina martxoaren 29tik ezinbesteko jarduera ekonomikoak ez zirenak ere bertan behera uztea erabaki zuten, eta harrez gero, horretarako ere ezin da irten. Goierrin, hala ere, Irizar, CAF edo GKN aurreratu egin ziren eta haien jardunak eten egin zituzten lehenago.
Leihoak eta balkoiak
Egoera honen ondorioz guztiz aldatu zaigu bizitza eta ohitura berriak hartu ditugu. Besteak beste, osasun eta segurtasun neurriak hartzen ikasi dugu eta, adibidez, okindegian banan banan sartzen gara ogia erostera eta kalean norbaitekin elkartuz gero, metro eta erdiko tartea jartzen dugu gure artean. Gure arteko harremanak aldatu ditugu, beraz, eta azken asteotan ingurukoekin egoteko telefonoa eta Internetak eskaintzen dituen bitartekoak dira nagusi.
Aurrez aurreko topaketek ordea jarraitzen dute, eta horietarako etxeko leihoak eta balkoiak erabiltzen ditugu, kanpoko munduarekin kontaktuan egoteko bidea ematen dutelako. Konfinamendua hasi zenetik, musika emanaldiek, antzerki saioek, zorion agurrek, osasungintzan ari direnen aldeko txalo zaparradek edo jokoek elkartzen gaituzte herritarrok gure etxeetako leiho eta balkoi horietan, errutinatik eta asperralditik ihes egiteko aitzaki ederrak baitira, eta izango dira aurrerantzean ere.
Beste bi aste
Izan ere, larunbatean, apirilak 4, Pedro Sanchez presidenteak iragarri zuenez, egoera hau apirilaren 12an bukatu ordez, beste bi astez luzatuko da, hau da, apirilaren 26ra arte. Egun horretatik aurrera, gainera, normaltasuna ez da berehalakoan itzuliko, koronabirusari aurre egiteko neurriak era mailakatuan kenduko dituzte eta, ez denak batera.
Bestetik, etzitik aurrera funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak berriz ere martxan has daitezkeela esan zuen Sanchezek, hau da, martxoaren 29aren aurreko egoeran izango dira.
Covid-19aren kronologia
- 2019KO AZAROAK 17. Zero pazientea. Txinako Hubei probintziako 55 urteko gizonezkoa, epidemiaren epizentroa da.
- URTARRILAK 9. Lehen heriotza munduan.Txinako Wuhan hiriko 61 urteko gizonezkoa.
- OTSAILAK 13. Europako lehen heriotza. Valentziako gizonezko bat.
- OTSAILAK 29. Lehen kasuak Euskal Herrian. Bi Araban, eta bana Gipuzkoan eta Nafarroan.
- MARTXOAK 4. Lehen heriotza Euskal Herrian. 84 urteko gizonezkoa, Bizkaian.
- MARTXOAK 10. Lehen kutsatua Goierrin. Urretxuko gizonezko bat.
- MARTXOAK 12. Eskolak itxita. Hego Euskal Herrian eta Espainia osoan.
- MARTXOAK 13. Osasun larrialdiegoera ezartzen du Eusko Jaurlaritzak.
- MARTXOAK 15. Alarma egoeraezartzen du Espainiako gobernuak, 15 egunetarako, martxoaren 26ra arte. Espainian 288 pertsona hil dira eta 7.753 kutsatu daude.
- MARTXOAK 16. Apirilaren 5eko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak bertan behera gelditu dira.
- MARTXOAK 26. Apirilaren 12ra arte luzatu dute konfinamendua.
- MARTXOAK 29. Goierriko lehen heriotza: Beasaingo 83 urteko emakumezkoa.
- MARTXOAK 30. Espainiako Gobernuak premiazkoak ez diren jarduerak geldiarazi ditu apirilaren 9ra arte.
- APIRILAK 4. Konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatuko dela jakinarazi dute.