Medikuentzat, ohea doan
Osasun arloko langileek logelak behar dituzte, ospitaleetatik gertu, etxera itzuli behar ez izateko. Zumarragako Zelai pentsioak bere logelak ospitalearen esku utzi ditu.
Bizi dugun egoera honetan behar asko sortu dira. Osasun arloko langile askok lo egiteko tokiak behar dituzte, bai etxetik kanpo lan egiten ari direlako, bai etxekoak kutsatu nahi ez dituztelako. Hala, higiezinen agentzia batzuk pisuak doan eskaintzen ari dira eta ostatuen jabeak logelak uzten ari dira. Goierrin ere bada halakorik. Zumarragako Zelai pentsioak bere gelak ospitalean lan egiten dutenen esku utzi ditu.
Zelai pentsioko nagusiak Mikel Etxaniz urretxuarra eta Oscar Ortiz zumarragarra dira. «Alarma egoerarekin pentsioa itxi genuen. Ospitaleko zuzendariari eskaini genion eta eskaintza oso pozik hartu zuen. Asko pozten gaitu lagundu ahal izateak. Izan ere, ospitaleko langileak sekulako lana egiten ari dira eta guztion babesa behar dute. Meritu handia dute. Izan ere, lanean kutsatzeko arriskua dute eta ondoren beraien senitartekoak kutsa ditzakete. Arrisku hori eduki arren lanera joaten jarraitzeak meritu handia du. Hori dela eta, guztiok ahal dugun neurrian lagundu beharra dugu », aipatu du Etxanizek.
Pentsioko eguneroko martxaz Toñi Sanchez arduratzen da. «Zazpi logela ditugu, baina bitan etxera bueltatzerik izan ez duten bi langile ditugu. Hala, ospitalekoei bost logela eskaini dizkiegu. Bakoitzean mediku bat dugu. Txandaka lan egiten dute eta hona atseden hartzera etortzen dira. Joan zen astean hartu genituen eta pixkanaka lan egiteko modua doitu dugu. Beraiek erabilitako izarak eta toailak jasotzen dituzte eta guk garbitu egiten ditugu. Doan, noski. Matia fundaziokoek ere logela eske deitu dute».
Sanchez ere pozik ageri da lagundu ahal duelako. Gainera, pentsioa zabalik edukitzeak bizipoza ematen dio. «Garbiketa lanak egitera etortzen naizenean, atea zabalik uzten dut. Pentsioa zabalik ikusteak indarra ematen dit. Izan ere, egoera hau oso gogorra da».
Gainera, lan asko galdu dute. «Martxoan eta apirilean dena hartuta genuen. Sagardotegietara etortzen diren kanpoko kuadrilla asko hartzen ditugu. Madrildik, Logroñotik, Burgosetik… etortzen dira. Sagardotegian bazkaldu ondoren, arratsaldeko poteoa hemen egiten dute. Aste Santuan, berriz, familia asko etortzen dira. Gehienek hemen senitartekoak dituzte eta beraiekin egun batzuk pasatzera etortzen dira. Ondoren, ezkontza eta jaunartze garaia hasten da. Gonbidatu askok gurean hartzen dute ostatu. Horiez guztiez gain, langileak ditugu. Errepideetan, obretan… lan egiten duten askok, hemen ematen dute astea. Ea lehenbailehen errutinara itzultzen garen», dio Sanchezek.
‘Emergency Home’ sarea
Etxaniz, Zelai pentsioko bazkidea izateaz gain, Etxarre higiezinen agentziako nagusia ere bada. Iban Tambasco italiarrak Emergency Home sarea sortu zuen eta Etxarre sarean sartu da: hutsik dauden pisuak dituztenekin harremanetan jartzen dira eta etxebizitza horiek osasun arloko langileei uztea proposatzen diete.
Pisuen jabeek eta higiezinen agentziek ez dute ezer kobratzen zerbitzuaren truke, noski. «Bere lantokitik gertu etxebizitza bat behar duen osasun arloko langilea emergencyhome.help webgunean sartu behar da eta bere datuak eman. Ondoren, bertako higiezinen agentzia batek beretzako etxebizitza bat bilatuko du, doan. Horretarako, etxe jabeei etxea doan uztea proposatuko die. Jende askok ezetz esaten digu, baina beste batzuk baietz. Etxea uzteko prest dauden jabeak ere emergencyhome.help webgunera jo dezakete, beraien burua eskaintzeko. Ondoren, gu beraiekin harremanetan jartzen gara etxebizitzaren baldintzak ezagutzeko».
Etxanizek eskaera handiena Gasteizen, Bilbon eta Donostian dagoela aipatu du. «Bertan lan egiten duten osasun arloko langileentzat etxebizitzak bilatzen ari naiz. Hemen ez dut eskaerarik jaso, baina ez litzateke gaizki egongo bi etxebizitza dituzten goierritarrek ere beraien etxeak uztea, badaezpada ere», amaitu du.