Ilargia, inoiz baino ikusgarriago
Gutxitan gertatzen diren fenomeno horietako bat ikusteko aukera dago egunotan, etxeetako balkoietatik: super ilargia.
Inoiz baino handiago eta distiratsuago. Horrela ikus daiteke ilargia egunotan, ‘super ilargia’ deritzon fenomenoari esker. Lurretik gertuen pasatzen den garaian, ikusten dugun tamaina %14 eta distira %30 hazten direla diote adituek. 2020ko hirugarren super ilargia da egunotakoa, eta orain arteko ikusgarriena izango dela diote. Eguraldiak ere laguntzen du, gaur zerua oskarbi izango baita egun osoan zehar. Irudi ikusgarriak sortzen ditu horrek, Carlos Mediavillak atzo Zumarragako Gurrutxazpi baserriari ateratako argazki honetan ikus daitekeen moduan. Super ilargi hau ikusteko egunik egokienak, atzokoa eta gaurkoa dira, baina hilaren 12ra arte ikusi ahal izango da. Momenturik egokiena berriz, ilargia ortzimugan ateratzen denekoa omen da.