Eñaut Arretxe: "Finala irabazitakoan balkoira irten eta irrintzi saiakera egin nuen"
Eñaut Arretxe segurarrak irabazi du hirugarren denboraldiko Egunean Behin. Bigarren denboraldiko finala beste segurar batek irabazi zuen, Eneko Agirrezabalek
Egunean Behin lehiaketako hirugarren denboraldiko finala atzo iluntzean jokatu zen eta bigarren aldiz jarraian, Segurara joan da txapela: Eñaut Arretxe izan da hamar erantzunak ondoen eta azkarren erantzuten. Bigarren denboraldiko finala beste segurar batek irabazi zuen, Eneko Agirrezabalek.
Jende bizkorra dago Seguran.
Ez dakit zer pasatzen den. Ura dagoen berezia, edo zortea den.
Zerbait bada.
Kasualitatea. Aurrekoan Eneko Agirrezabalek irabazi zuen eta oraingoa nik.
Aspalditik ari zara parte hartzen Egunean Behin lehiaketan?
Ez dakit seguru noiztik ari naizen baina gogoratzen nazi iazko Aste Santuan ere jokatzen nuela. Hasiera samarretik ari naiz, 2.000 lagunek bakarrik jokatzen genuen orduan eta orain 100.000tik gora gara.
Eguneko momentutxoa izaten da Egunean Behineko partida.
Horrela hartzen dut nik. Normalean iluntzeetan egiten dut, afal ondorenean, bakarrik nagoenean. Interferentziarik gabe. Kontzentrazio handia behar da. Ondo egitea garrantzitsua da baina azkar egitea ere bai. Saiatzen naiz ahalik eta azkarren egiten.
Zein galdera motatan pasatzen duzu denbora gehiena?
Hitzak asmatu beharrekoa eta letra zopetan ere bai.
Zenbakiekin hobeto moldatzen zara hizkiekin baino?
Matematikakoak askotan alitzera egiten ditut. Baina letratakoak ondo aseguratu nahi izaten ditut. “Errazak” izaten dira eta horiek ziurtatu egin nahi izaten ditut eta hor joaten zait denbora askotan.
Finala berezia izan da.
Telefinala izan da. Finalean parte hartzeko eskubidea geneukan denboraldian aurrena gelditu ziren 100 lagunek, zozketaz atera ziren beste 100 lagunek eta igandeko partidan aurrena gelditu ziren 100 pertsonak. Denera 300 ginen atzoko finalean parte hartzeko aukera geneukanak. Nik banekien eskubidea baneukala, sailkapen orokorrean hamabigarrena gelditu nintzelako. Jakinerazpena iritsi zitzaidan eta ordubete lehenago Sartu jartzen zuen botoi bat azaldu zen. Klikatu eta ordenadorean Youtube zuzenean jarri nuen finala ikusteko. Edurne Azkaratek zuzenean aurkeztu zuen finala.
Zenbat partida jokatu zenituzten?
Hiru. Aurreneko biek 100 puntu balio zituzten eta hirugarrenak 200.
Partida bakoitzean zenbatgarren geratu zinen? Zenbat asmatu zenituen?
Ez dakit, sailkapenik ez genuen ikusten eta. Lehenengoan 8 asmatu nituen eta sailkapenean ez nintzen agertzen. Bigarrengoan 9 asmatu nituen. Ikusi nuen asmatutakoen bataz bestekoa 5,14 zela eta orduan pentsatu nuen postu batzuk aurreratuko nituela. Orduan sailkapenean ikusi nuen lehenengoa nengoela. Oso urduri jarri nintzen, eskua dardarizo batean neukan. Eta hirugarrengoan 10. Asmatu nituen. 10 egin nituela banekien baina sailkapenik ez nuen ikusten. Arrebari esaten nion igual irabazi egingo nuela. Tentsio momentua izan zen.
Eta lehenengoa gelditu zinela ikusi zenuenean? Zein izan zen erreakzioa?
Ez nuen inondik inora espero irabazterik, eta harrituta gelditu nintzen. Arraroa ere izan zen, etxean nengoen, jendea whatsapp pilo bat idazten hasi zitzaidan… Egunean Behineko mezua ere iritsi zitzaidan. Momentu polita izan zen.
Ezin izan zenuen jendearekin ospatu.
Egia esan, balkoira irten eta irrintzi saiakera bat egin nuen. Hala moduzkoa atera zen.
Saria zein da?
Mutrikuko nekazal etxe batean bi gau gosariarekin, bi lagunentzako. Saria da gutxienekoa, oso ondo pasatzen dugu. Joko horren aitzakian pikea ere sortzen da taldeetan.
Orain oporrak hartu ditu Egunean Behin lehiaketak.
Falta somatuko dugu. Ez beste munduko ezer ere, baina eguna arindu egiten du. Ez dakit noiz hasiko den laugarren denboraldia.
Asko ikasten da, ezta?
Asko! Konturatzen zara zenbat dakizun eta zenbat ez dakizun. Baloratu behar dena da, euskaraz den jolas bat dela, 100.000 erabiltzaile izan dituela hirugarren denboraldiak. Sekulakoa da. Komunitate bezala ikasi dugu euskaldunok ere horrelako zerbaiten beharra bageneukala. Jendeak gustura hartu du, eta euskaraz egindako gauza batek arrakasta izan du. Komunitate bezala harrotasuna sentitu beharko genuke.