Kide bat gehiago familian
Haurdun dauden emakumezkoek inoiz baino kezka handiagoz bizi dute haurdunaldiaren azken txanpa eta erditzea. Beasaingo Miriam Martinez eta Ainara Jimeno dira horren lekuko
Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Horrelakoa da bizitza; horrelakoa da natura. Hainbeste albiste txarren eta kezkagarriren ondoan, berri pozgarriak eta baikorrak ere sortzen dira orain ere. Horren adibide izaten da haur baten jaiotza. Familia handitu dute hainbat goierritarrek dagoeneko, eta beste batzuk bidean daude. Ziurrenik, haur jaio berri horiek bizitza osoan entzun beharko dute koronabirusaren krisiaren erdian jaiotakoak direla; mundu osoan izandako gertaera historiko bateko seme-alabak direla.
Haurdun dauden emakumeek kezka bereziz bizi izaten dute azkeneko txanpa eta erditze unea. Koronabirusaren ondorioz, kezka are eta handiago da. Egoera horretan egon daude Beasaingo Miriam Martinez eta Axier Murua; eta egoera horretatik pasatu dira eta Ainara Jimeno eta Koldo Agirre. Miriam Martinez haurdunaldiko 38. astea betetzear dago, eta Ainara Jimenok apirilaren 4an, 23:02an ekarri zuen mundura Luma, hirugarren alaba.
Ez jakintasunagatik kezka
Martinez haurdunaldiko azken txanpan sartuta dago, Aner jaiotzeko gero eta gutxiago falta da. Apirilaren 23an beteko ditu haurdunaldiko 40 asteak. Haurdunaldi ona badarama ere, «pisua» egiten ari zaio etxetik atera gabe egotea, «ibiltzera joan ezinda». Apirilaren 19an bi urte beteko dituen Maren alaba du etxean gainera, eta «zaila» du atsedena hartzea. «Senarra behintzat asteartera arte etxean dago, eta alde horretatik hobeto».
Ginekologoarekin egin beharreko kontsultak mantendu dizkie bai Beasaingo osasun zentroan eta bai Zumarragako ospitalean. Erditze aurreko gimnasia saioak bertan behera geratu dira. «Anbulatorioan harreran utzi zizkiguten paperak, ariketak etxean egiteko». Hori bai, aldatu den gauza bat badago: «Bikotea ezin dela sartu kontsultetara eta ekografietara». Hala ere, Martinezek badu kezka bat: «Ez dago informazio askorik haurdunentzat. Izan ere, egoera normal batean ere, azken asteetan bizi izaten dugun egoerarekin urduri egoten gara beti, eta hori jakinda, egoera berri honetan, ez digute ezer ere kontatzen. Ez baduzu galdetzen, ez dute ezer kontatzen. Protokoloa aldatzen doala eta ezin dutela esan esaten dute». Erditze prozesua hasten denean, «dakidan bakarra da, Zumarragako ospitalera joan eta bertan jarri duten karpan galdetu behar dudala nora joan behar dudan. Kanpoko kontsultetatik sartu eta handik bideratuko gaituzte».
Eta beste kezka bat ere badute, konfinamenduan dauden alabarekin zer egin. «Eskerrak koinata eta koinatua etxean dauden momentuz». Egoera «surrealista» dela dio: «Gasteizko lagun bat ama izan da eta argazkia bidali digu; erditze gelan, umea gainean duela, ama maskararekin. Inpaktua sortzen du argazkiak».
Segurtasuna
Ainara Jimeno eta Koldo Agirre pasatu dira ez jakintasun aldi horretatik, eta ondo joan da guztia. Apirilaren 4an, 23:02 zirenean jaio zen Luma, bikotearen hirugarren alaba. Haurdunaldi eta erditze bakoitza berezia izaten da, baina hirugarrena are eta bereziagoa izan da bikotearentzat. Jimenoren esanetan, egoera «oso berezia» izan da: «Nik adibidez, beldur handia neukan Zumarragako Ospitalera joateko, bai kontsultetara eta bai erditzera. Aurretik bagenekien kutsatuta dauden pazienteak leku batetik sartzen zirela eta gainerakoak beste toki batetik. Baina arrisku hori hor dago».
Hala ere, dena oso azkar eta ondo joan zen. «Oso-oso azkarra izan zen. Iritsi eta 7 minutuko kontua izan zen. Asko itxoin nuen ospitalera joan aurretik, dilatazio fasea etxean egin arte. Asko itxoin genuen: 22:55ean iritsi ginen ospitalera eta umea 23:02an jaio zen». Kanpoko Kontsultatik sartu ziren.
Erditzeko garaian ama maskararik gabe egon zen; aita, maskararekin. «Beti bezain ondo zainduta egon gara. Oso-oso lasai egon gara. Ez dut kutsatzeko beldurrik izan. Pasilloetan jende gutxiago dabil eta oso seguru sentitu gara. Gelatik ateratzerakoan segurtasun neurri hartzen genituen». Dena den, Jimenok gauza bat argi utzi nahi izan du: «Esan nahi nuke, birusa dela eta normalean baino maskara eta eskularru gehiagorekin egon diren arren, langileriaren aldetik izan dugun gertutasuna eta arreta, aurreko bi haurdunaldietan eta erditzeetan izandako berberak izan direla. Beti bezain gustura sentitu gara».
Haurrari probak, gelan
COVID 19 birusak baldintzatutako egoera honetan, beste hainbat aldaketa eragin ditu ospitaleetan. Batetik, bisitarik ezin izan dute jaso. «Bisitarik gabe egon gara, baina aldi berean lasaitasuna ere izan da. Azken batean, bikotea, alaba eta hiruok bakarrik egon gara. Zerbait positiboa bilatzearren, horrek ere lasaitasuna ematen du». Beste ama batekin egon dira logelan.
Bestetik, haur jaio berriari egin beharreko proba guztiak logelan bertan egin dizkiete medikuek, «umea ez dute gelatik atera». Hori bai, haurra eduki eta 24 orduan etxera joateko aukera proposatzen dietene gurasoei eta «boluntariozko alta hartzeko aukera eman ziguten. Gutxienean 24 orduan egon behar dira ama eta haurra ospitalean. Luma 23:00etan jaio zenez, igandeko 23:00etan atera beharrean, asteleheneko eguerdira arte itxoin genuen». Hori bai, ospitaletik alta lehenago hartuta, «orpoko proba egitera ospitalera joan behar izan dugu, 48 ordura egin behar izaten den proba delako».