Maria Amolategi: "Sweet Kiss abestia atera dugu egunotan, bakoitzak bere etxetik grabatuta”
Matilda musika taldeko musikaria da Maria Amolategi (Tolosa, 1987), baina lanbidez Gureak enpresan lan egiten du. "Nire lana enpresaz enpresa joatea da. Orain ez daukat bisitarik egiterik eta etxean nago, ABEEan". Hala ere, musikari lotuta, lanean jarraitzen du Matilda Band taldeak, teknologia berriei esker. Apirilaren 21ean urtebetetze eguna ere, etxean ospatu beharko du Amolategik.
Matilda musika taldeko musikaria da Maria Amolategi (Tolosa, 1987), baina lanbidez Gureak enpresan lan egiten du. “Nire lana enpresaz enpresa joatea da. Orain ez daukat bisitarik egiterik eta etxean nago, ABEEan”. Hala ere, musikari lotuta, lanean jarraitzen du Matilda Band taldeak, teknologia berriei esker. Apirilaren 21ean urtebetetze eguna ere, etxean ospatu beharko du Amolategik.
Zein plan zeneukan Aste Santu eta Pazko Astearen ingururako?
Mallorcara joatea. Nire ama han bizi da nire ahizpa txikiarekin eta hara joatekoa nintzen, beti bezala.
Zerbait berezirik egiteko asmorik baduzu opor egun hauetakoren batean?
Errutina hartu dut eta pentsatzen dut berdina egingo dudala: eguzkia dagoenean eguzkia hartu, kirola egin, gitarra jo, pianoa jo… Askotan egunak ez dit ematen. Antolatuz gero eguna berehala pasatzen da eguna.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Ibiltzearena. Gorputza lokartuta bezala sentitzen dut, mugitu beharra daukat. Ni asko mugitzen naiz, eta oso azkar. Etxean sartuta, ez zait iruditzen nire gorputza denik, beste gorputz bat ematen du.
Etxetik ateratzeko baimena iristen denean, zer egiteko asmoa daukazu?
Gidatzeko gogoa daukat, beraz eta autoa hartu, mendira joan eta mendi buelta bat egin. Ni Pasaian bizi naiz eta egunotan beti irudikatzen dut Lazkaomendiko Pipas. Natura gosea daukat.
Musikaria ere bazara, Matilda taldea daukazu. Zertan ari zineten krisialdia iritsi aurretik?
Iazko martxoan aurkeztu genuen diskoari agur esaten azkeneko kontzertu batzuekin, eta bigarren faseko argazkiak grabatzen ari ginen. Bigarren disko baten pentsatzen. Single batzuk ateratzekoak ginen, irudiekin. Horretan harrapatu gaitu. Kontzertu polit dezente geneuzkan. Pasaiako Itsas jaialdian jo behar genuen eta asteartean esan ziguten bertan behera gelditu zela. Jazzaldian ere jotzekoak gara, oraindik inork ez digu esan bertan behera gelditu denik… Kontzertu garrantzitsu batzuk baditugu. Ea zer gertatzen den.
Ordiziako kontzertua bertan behera geratu zen, martxoaren 13an egitekoa zineten.
Alarma egoera izendatu baino bi egun lehenago jotzen genuen D’Elikatuzen. Denon artean erabaki genuen, ez zela komenigarria inorentzat.
Hala ere, ez zaudete geldirik. Zerbait egin duzue etxetik.
Abestiak nola landu pentsatzen ari gara. Egia esanda, zorte handia daukagu, eta denok daukagu etxean musika grabatzeko teknologia. Orduan, Sweet Kiss abestia atera dugu. Bakoitzak bere etxetik grabatu du eta Victorrek nahastu du. Oso gustura gaude atera den emaitzarekin. Youtuben ikusi daiteke. Ez genuen pentsatzen abesti hori orain ateratzea, beste ordena bat geneukan pentsatuta, baina egoera honek dana mugitu digu. Gauzak ezberdin egiten ari gara eta orain beste abesti batzuekin lanean. Ez dakigu zenbat denbora iraungo duen honek guztiak eta ez dakit denbora emango digun abesti gehiago egiteko. Lanean ari gara, ez gara gelditu, eta horrek ere motibazioa ematen du. Etxe barruan ere gauzak egin beharrean daude.
Abesti berriak sortzeko inspirazioa etorri zaizu egoera berezi honetan?
Idatzi dut zerbait, ideiaren batzuk, baina ez dut kanturik sortu. Honek guztiak desmotibazioa ekarri dit eta ez zait ateratzen. Gitarra jotzen dut, baina besteen abestiak jotzen ditut. Ez zaizkit abesti berriak etortzen. Idatzi bai, ideia pilo bat ditut, baina burua saturatuta daukat eta ez dut perspektiba onik ikusten. Ideiak baditut, baina oso nahasiak. Gorputza nahastuta bezala daukat, eta ez dut argirik ikusten garbi. Ideiak hor daude eta ez dakit egunen batean erabiliko ditudan edo hor geldituko diren.
Musika eta kultura garrantzitsu bihurtu da konfinamendu egoeran.
Bai, baina ikusiko duzu, bueltatzen azkenekoa izango da. Baietz kirola bueltatu kultura baino lehenago! Jendeak kulturari ez dio ematen daukan garrantziarik. Kulturak jende asko mugitzen du, eta hori ez da “ezinbestekoa”. Ezin da milaka lagun elkartu kontzertu batean. Musikari guztiak etxean geratu dira, dirurik gabe.