Joxe Bikuñari Ataungo herriak egindako aitortzaren kronika
Joxe Begiristain gure kolaboratzaileak Joxe Bikuñari Ataungo herriak bisurte egunez egin zion aitortza bildu du kronika honetan. Bikuñak berak herritarrei eskainitako hitzak ere jaso ditu, hitzez hitz.
JOXE BIKUÑAri aitortza bere herrian (2020-02-29)
Joxe Bikuña Agirre ataundarrari omenaldia eskaini zioten herritarrek joan zen otsailaren 29an, Ataungo Herri Antzokian egindako ekitaldiaren bidez. Joxek bizitza osoan Ataungo herrian (eta Ataundik kanpo beste hainbeste) egin eta eragin duen guztia azaltzea ezinezkoa bada ere, agerian geratu zen berak “auza-lana” deitzen dion borondatezko lana zenbatekoa den gaur ere oraindik, Ataunen. Ondoren, elkarrekin afaldu zuten sarrerak erosten lehenak izan ziren 90 pertsonek: Aizkoate elkartean egin behar izan zutenez, mahaikide kopurua mugatzea beste aukerarik ez zen-eta.
Baina afariarekin luzatu zutenek nahiz Antzokiko ekitaldira inguratu ziren gainontzekoek, ez dute ahaztuko omenaldi-ekitaldian bertan bizi izandako ordubete eta erdiko tartea. Aurrez ondo prestatutako antzeztokiko dekorazioaren dotorezia uneoro agerian, hainbat herritarrek hartu zuten parte: antolatzaileek prestatutako gidoia zuzen asko betearazi zuen aurkezleak eta berarengan ohikoa den abileziaz txirikordatu zituen txandan-txandan ekitaldiari hasiera eman zioten herriko hiru musikariak (propio elkarrekin kanta bat eskaintzera prestatu zirenak), tarteka pianoa joz aritu zena, EATE abesbatzako kideak, hainbat eratako elkarteren izenean hitz egin zutenak, egoera antzeztuz eman zuten gaztetxoak, dantzariak…
Joxe Bikuñaren lanaren fruituak, etekinak… herritar batzuk harrigarrizko abileziaz eraikitako pago-enbor ihartutako batek eta bertatik jaiotzen zirela irudikatutako adar bizi, goroldio (eta baita hontza baten irudia ere, bere begi handiez jendartera begira!!), hosto, harri eta aldamenean zuen Erremedioko iturriaren irudiak osatu zuten sinbologia. Dekoratu hori guztia argi-joko etengabean, musikaz… Tartean, Joxeren bizitzako pasarte asko, bere argazkiz eta berari egindako elkarrizketa batez osatutako bideo batek eman zigun. Argiztapen, musika eta bestelako atrezoo guztia, herritarrek musu-truk atondua zen, nola ez. Ekitaldian zehar hainbat pasarte antzeztu zituzten bi umek: Joxek ereindakoa, hortik jasotako fruituak… pagoaren erreferentziaz baliatuz.
Aipatutako hasierako musikari-hirukotearen ondoren, alkateak hartu zuen hitza Udalaren izenean eta segidan, esan bezala, bestelako elkarte hauetako ordezkariek hitz egin zuten: Ataunen ikastola sortu eta bertan izan ziren lehenengo ikasleetako ordezkari batek; Joxek lan egin zuen CAFeko langileena; San Gregorioko Errotatxoa zaintzen dutenena; Jentilbaratza elkartekoa; Atauniker elkartekoa; EATE abesbatzakoa, Elkarri-Lokarri gizarte mugimenduetakoa; Kalera-kalera elkartekoak; Ataungo Memoria Historikoa berreskuratu nahian lanean ari den taldekoak…
Ondoren, Joxe berari eskatu zion aurkezleak eszenatokira igo zedin, ordura arte jendartean egon bait zen. Aurrena opariak eman zitzaizkion; besteak beste, egurrezko kutxatxo bat, aurrez aipatutako elkarteetako ordezkarien hitzak bertan gordeta.
Joxek hitza hartu eta gaur egun Ataunen herritarrek parte hartzen duten auzolanen berealdiko zerrenda irakurri zuen. Banakakoen lanari erreparatu ez, baizik eta taldean, elkarrekin egindako lana goraipatu zuen, gaur egun ere ataundarrak horretan erreferentziatzat hartuz.
Joxeren emazte Martina Barandiaran izan zen hurrengo gonbidatua, bera ere agertokira igo eta senarra Joxek etxetik kanpo egiten duen guztia egiten badu, atzean bestelako eginkizun asko bermatuak dituela ikusarazi nahi izan zutelako omenaldiaren antolatzaileek. Hori hitzez adierazi eta loreak eman zitzaizkion opari.
Azkenik, Joxe bera ere EATE abesbatzakoen artera batu eta abesti bat eskaini zien abesbatzak omenaldi/aitortzara inguratutako guztiei. Ikusle/entzuleak zutik jarri eta txalo zaparradaz eman zioten akabera ekitaldiari, besaulkietan egonak eta jendaurrera agertutako guztiek elkarri eskerrak emanez.
Joxe Bikuñak adierazia:
“Omenaldia” 2020-02-29
Arratsalde on denoi! Nire azalpen hau nahi nuke hasi eta bukatu, eskerrak emanez.
Mila esker iniziatiba honen sortzaileei.
Mila esker antolatzaile, sukaldari, afaltzera etorriko zaretenoi eta etortzerik ez duzuenoi, lekurik ez delako; dantzari, txistulari, EATE Abesbatza, aurkezleari.
Eskerrak Aizkoate elkarteari eta Ataungo Udalari.
Eskerrak ekitaldi honetara etorri zareten guztioi eta ataundar guztiei.
Egokiera hau aprobetxatu nahi nuke, AUZOLANARI buruz azterketa txiki bat egiteko.
Desgrazi bat gertatzean, bideak berritzean, erreka garbitzean e. a. izan dira AUZOLAN bezala kontsideratu dituguna, baina gaur egun AUZOLANA, hori baino askoz ere gehiago da.
Erakundeak, zinegotziak, batzordeak, elkarteak, soziedadeak, juntak eta taldeak egiten dutena AUZOLANA da.
“AUZOLANA DA HERRITARRAK HERRIAN POZIK BIZITZEKO DOAN EGITEN DUTEN LAN GUZTIA.”
Ikusi dezagun bada, zenbat AUZOLAN egiten den gure herrian:
Hiru auzoetako FESTAK, egitarauak, konkurtsoak, herri kirolak, dantza, Dantza Txapelketa, bertso saioak, mus, toka, mondeju lehiaketa eta dastaketa, patata-tortillak, sardina eta sagardo dastatze otorduak, txistu, trikitixa eta bestelako musikariak e. a.
Otsoak Dantza Taldea eta dantza eta zirko eskolak ditugu.
Zineak, dokumentalak, antzerkiak, jaialdiak…
Kantu-poteoa hilero igande baten, auzo txandan.
EATE Abesbatza, entsaioak astean behin ordu eta erdiz asteartero eta emanaldiak hiru auzoetan.
Bertso Eskola. Euskalduntze Eskola. Pilota Eskola fruituak ematen: Zubizarreta profesionaletara. Zorionak Eskola hartako irakasle eta ikasleei.
Marrazki eta ipuin lehiaketak.
Emakumeen mugimendu interesgarria.
Otso Irakurleak taldea hilero elkartuz, Argazki Rallya.
Txirrindulari eta kros taldeak eta frogak.
Mendizaleak, ibilaldiak.
Liburutegia; Eguzki Berri eta Nondik aldizkariak.
Jentilen Etorrera ekitaldi garrantzitsua, 100 lagunetik gorako partaidetzarekin.
Gau Ibilaldi Mitologikoa: jendetsua, mokadu batekin hasi eta luntx edo afariaz bukatzen dena.
Auzoetan txandaka, Mari Domingiren antzezlana.
Ataungo Irakurle Taldeak antolatuta Liburu eta Disko Azoka urtero, auzoka txandatuz.
Elizako Zerbitzuak, Juntak, CARITAS, eliza-garbitzeak, Organo eta Abesbatza kontzertuak.
Presoen aldeko elkarteratzeak astelehenero eta hileko azken ostiralean, maiatzeko Elkartasun Astea.
Gabonetako, Urte Zaharreko eta Santa Ageda kantuak etxez etxe.
Ohitura Zaharren Eguna, parte hartze handiarekin.
Ehiztariak. San Isidro Eguna auzo txandan.
Museoa, Tailerrak, emanaldiak, kontzertuak.
Errotatxo eta Zerrategia altxorrak, boluntarioen lanaren era arretaren zainduak.
Interpretazio Zentroa San Gregorioko Parrokia Etxean, Ataungo ospetsuen lanak biltzeko.
Joxemiel Barandiaranen etxea, SARA, publikoari zabaldu.
Edadekoekin ekitaldiak, ibilaldiak, eskurtsioak, jokoak, San Juan eta Santo Tomasetako afariak eta San Martin eguneko bazkaria eta 80 urtekoei oroigarri banaketa.
Odol emaileak.
Gure Esku sinadura-bilketa.Aipamen berezia bi alderdi politikoei, izenpetu duten hitzarmenarengatik. Ataunen beharrei elkarrekin erantzuteko asmoz. Eskerrik asko!
Herri txiki batua, herri atsegina da, eta herri txiki zatitua, infernua diote.
Azaldu dizuedan ekintza zerrenda hau eta gehiago egiten da gure herrian.
Hauek adierazten dute gure herria bizirik dagoela eta bizitzea merezi duen herria dela.
Hau dena AUZOLANA izan da, herritar mordo batek bere denbora librea erabiliz bakean eta elkartasunean pozik bizitzeko Ataunen egindako lana.
Ezin ahaztu, batzuek AUZOLANEAN ari diren bitartean, hauen etxeko hutsunea betetzen dutenak. Denak ari baitira AUZOLANEAN.
Gaurko egun hau izan dadila guzti hauek omentzeko eta eskerrak emateko, AUZOLANEAN aritu direnei eta ari dienei.
Jarraitu dezagun bide honetatik AUZOLANAREN BALOREAK zaintzen eta guztia izan dadila gure Egilearen aintzarako eta Ataungo herriaren onerako.
Txalo bero bat eskatzen dizuet, zutik jarrita, denentzako. AUZOLANGILE GUZTIENTZAKO.
Eskerrik asko.