Laureano Telleria: “Momentu honetan kalea dena beteta egongo zen. Ba al dakizu zer aldaketa den inor ez ikustea?”
Aste Santuko prozesiorik ez izan atzo Seguran, eta gaur ere ez da izango. Hala ere, Segurako prozesioaren martxaren doinuak entzun ziren prozesioa hasteko momentuan, eta gaur ere gauza bera egingo dute. Laureano Telleriak (Segura, 1935) iaz 40 urte daramatza prozesioaren antolakuntza taldean, eta urteroko hitzordu hori ezin egiteak sortu dion sentipenei buruz hitz egin du. Elkarrizketa atzo egindakoa da, Telleriak martxaren doinuak etxetik entzun eta ordu erdira.
Zer moduz daramazu konfinamendua?
Ondo. Herrajerik gabe, baino preso.
Kalera ezertarako atera gabe? Ezta ogitara ere?
Ez, ezta pentsatu ere. Hemen Seguran badabil esaera, penak kolkoan gordeta dauzkagula aurten –la procesión va por dentro!–. Oraintxe pasatu litzateke prozesioa, eta leiho eta balkoietatik jo dute prozesioko martxa, etxe askotatik. Ilusioa egin dit bai! Hor ikusten da jendeak sentitu egiten duela.
Zer sentipen eragin dizu prozesioa egin ez izateak?
Sentimendu tristea, baina tristeagoa da beste hori, gaixotzea. Zer esango duzu ba! Penagarria da, baina pena handiagoa emango lidake prozesiorik ez egitea jendea elkartu ez delako eta borondaterik ez dagoelako. Hau derrigorrezkoa da, eta ea hurrengo urterako indar gehiago hartzen dugun.
Hirurehun urte gutxienez badira prozesioa egiten dela Seguran. Hau ere ezagutu behar zenuenik nork esan behar zizun.
1700. urteko dokumentu batek esaten du oso aspalditik ospatzen dela, ta hortaz, pentsa noiztik datorren. Zaharragoei adituta nago ni Karlista gerran ere egin zela prozesioa, eta 36 gerrako hiru urteetan ere bai. Azken hori ezagutu duen jendea badago oraindik Seguran. Atzo eta gaurko egunez kalea jendez beteta egon zen bada Seguran? Momentu honetan kalea dena beteta egon zen. Ba al dakizu zer aldaketa den inor ez ikustea? Sentimendu tristea bai. Bi egunetan 18:30ean atera litzateke prozesioa, eta azken sei urteetan eguraldi ona egin du, nahiz ostegunean nahiz ostiralean, eta aurten ere hala egin du, eta kaletik irtengo Zen prozesioa.
Antolakuntzan-eta jarraitzen al duzu?
Hasita geunden. Arropak garbitu, trasteak konpontzera eraman, eta programa ere prestatuta genuen, inprentara bidaltzea falta. Kolpe-kolpean sartu da hau eta…
Prozesio egunez aparte, Aste Santuan nora-hara irteeraren bat egiteko ohiturarik izan duzu?
Normalean ez, Aste Santuan hemen dago gelditu beharra. Hau sakratua da. Gainontzean, zer ematen duzu faltan gehienbat etxetik atera ezin honetan? Eguneroko buelta txiki hori egitea. Denak hemen dauzkat, seme-alabak, ilobak, bilobak-eta… pixkat horiek ikusi. Gero, bastante egiten duguna, txikiteoa. Tabernan asko ikasten da eh? Hori kultura bat da. Egunero egiten genuen txikiteoa, kuadrilla, eta hori bai, hori faltan ematen dut. Hutsune dezentea bilatzen dut hor.
Egunerokoan zer egiten duzu etxean?
Lehengo ohiturak jarraitu. Ordu berean jaiki, ibili, paseatu… Milaka paper ere badauzkat etxean, Segurako eta kanpoko lehengo historiakoak, argazkiak ere bai, eta horiek ordenatzen pasatzen dut denbora dezente. Beti izan dut ohitura gordetzeko, gure aita zenak ere bazuen, eta kuarentena honetan ere ez dut bukatuko. Distraitzen zara orduan. Bai, bestela oso luze jotzen du egunak.
Albistegiak-eta jarraitzen al dituzu?
Ikusten ditut bai, beste konturik ez dago. Baina horrek burua nahastu besterik ez du egiten. Dena ezkortasuna, eta horrek jendeari on baino kalte gehiago egiten diola iruditzen zait. Notizia baikorrak ere aditzen dira, zenbat sendatzen ari diren-eta, eta horrek poz pixka bat ematen du.
Konfinamendua bukatzean, ezer berezirik egiteko asmorik ba al duzu?
Ez, betiko errutina hartu. Goizean egunkaria erosi, gero paseatu, eta lehen esandakoa, txikiteo pixkat, jendearekin hitz egin…
Beste zerbait esan nahi al duzu?
Umorea ere jarri beharra dago pixkat! Bakarra zela Seguran baimena zeukana gaur irtetzeko. Hamar irudi dauzkagu, eta beste bost bizidunak, eta hamar horietan bakarrak zeukan baimena: Pilatosek, eskuak garbitu zituelako!