Azokak berriz ere irekita Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta gero
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman du aldaketaren berri, koronabirusaren inguruko ohiko agerraldian. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eskerrak eman dizkie, "gure baserritarren kontrako neurri zentzugabeak aldarazten laguntzeagatik, erabaki hau zuen haserrea erakutsi duzuen herritar guztiek lortu duzuelako. Lehen ere eutsi behar genion, eta orain indar handiagoz, aztezkenean ikusiko gara! Erosi bertako ekoizleei!".
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuak jakitera eman berri duenez, azokak berriz ere baimenduko dira. Apirilaren 9an eman zuen Eusko Jaurlaritzak merkatu eta plazetako salmentak debekatzeko agindua jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Berehala, 200 eragilek baino gehiago egin zuten erabakiaren aurka, baserritarren haserrea jasotzen duen ‘Merkatu eta azokak irekita nahi ditugu’ agiriarekin. Saltoki handiak irekita jarraitzen duten bitartean, baserritarren produktuak saltzeko baimenik ez izatea bidegabea dela salatzen dute kontsumo elkarteak, sindikatuek, ekoizleek eta hainbat talde ekologistek.
Gaur arte Eusko Jaurlaritzaren debekua indarrean egon den arren, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri batzuetan azokak segurtasun neurri handiekin baina ohi bezala egin dituzte, azoka plazaratzearen eskumena udalarena dela argudiatuz.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiko Landaberri saioan aitortu du Eusko Jaurlaritzak azokak arautu aurretik, Ordiziako Udalak hartu beharreko neurri guztiak hartu zituela eta zuzeneko salmenta ahalbidetzearen erabakia udalen menpe dagoela.
Jaurlaritzaren azken erabakiaren ondoren, Ezenarrok eskerrak eman ditu “gure baserritarren kontrako neurri zentzugabeak aldarazten laguntzeagatik, erabaki hau zuen haserrea erakutsi duzuen herritar guztiek lortu duzuelako. Lehen ere eutsi behar genion, eta orain indar handiagoz, aztezkenean ikusiko gara! Erosi bertako ekoizleei!”.
EHkolektiboak ere poza agertu du: “Lortu dugu! 295 kolektibok sinatu dute #azokakireki #Sosnekazariak aldarrikapena.
Nekazari, herritar, erakunde eta herri eragileen presioarekin, posible da. Merkatu plazak zabalik iraungo dute!”. Era berean, “garaipen hau sektorearen eta herri mugimenduaren saretzeak” ekarri duela nabarmendu du. “Denon eskubideen alde presioa egiten, eta lurra lantzen eta zaintzen jarrai dezagun. Zorionak denei!”
Hala ere, “zoriontzeko eguna” izatearekin batera, “adi jarraitzekoa” ere badela dio EH Kolektiboak: “Atzoko dekretuaren hainbat murrizketak indarrean jarraitu dezakete, eta sakon aztertu beharko dugu. Herritarron elikadura eta osasunaren alde lanean jarrai dezagun, orain inoz baino gehiago. Orain, krisialdi honek bertako nekazaritza kaltetu ez dezala. Joan azoketara, batu kontsumo taldeetara, zaindu lurra eta nekazal lagileak”.