Maria Redondo: "Espero dut hau bukatzean jendea kontzertuetara gehiago joatea edo filmak ikusteagatik ordaintzen hastea".
Maria Redondo (Legazpi, 2000) euskal aktore eta abeslaria Euskal Telebistako Bago!az lehiaketa irabazteagatik eta Go!azen telesailan parte hartzeagatik eman da ezagutzera. Kultura jardueren beheraka dela eta, lan eskaintza gutxiago ditu orain. Hala ere, legazpiarrak beti du zerbait esku artean.
Non harrapatu zaitu konfinamenduak? Zer egiten ibili zara pandemia Euskal Herrira iritsi arte?
Gabirian nire aitona-amonek duten baserri batean nago. Oso gustura gainera, hau ez da hiri bat bezalakoa, askoz errazagoa da hemen egotea. Orain arte unibertsitatean ibili naiz ikasten Miramonera noiz behinka joanez.
Zertan eragin dizu nagusiki koronabirusaren krisiak?
Klasera joateak duen xarma guztiz galdu da orain. Arraroa da ikasketak telematikoki jarraitzea eta gainera, ia denbora guztian jaten nabil. Lanari dagokionez, ez dago hainbesteko eskaerarik eta leku batetik bestera joateko beharrik ez dudanez, asko aurrezten ari naiz. Orokorrean, tristura pixkat ematen du ia lanik ez egiteak.
Zer egingo zenuke kulturak jasan duen beheraldia leuntzeko?
Galdera zaila da. Egin dezakegun gauza bakarra da jendeari ikustaraztea zein egoeratan gauden, eta kulturarekin zerikusia dugunok erakustea zein zaila den bizi duin bat izatea. Espero dut hau bukatzean jendea kontzertuetara gehiago joatea edo filmak ikusteagatik ordaintzen hastea.
Go!azen etxetik ekimenean parte hartu duzu. Erraza al da etxetik lan egitea?
Oso oso ezberdina da baina oso pozik nago. Elkar ikusteko eta zer moduz gauden galdetzeko aitzaki bat da. Nahiz eta etxean egon, gure pertsonaian murgiltzean, etxetik kanpo egotearen irudipena izaten dugu eta asko eskertzen dugun zerbait da.
Aste Santuko oporretan zerbait berezia egiteko asmorik zenuen?
Printzipioz ez, ez nintzen inora joan behar baina hala ere, arnas pixkat hartzeko baliatu behar nituen oporrak.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Klasera joatea. Lehenengo urtean lagun oso onak egin ditut eta faltan sumatzen ditut. Bestetik, filosofian klaseak presentzialak izatea oso garrantzitsua da, gehiago pentsatzeko aukera ematen dizu. Tratua ezberdina da, irakasleekin zein ikaskideekin. Horretaz gain, lagunekin Donostian hartzen nituen ardo zuri kopak ere faltan botatzen ditut.
Egunerokotasunari aurre egiteko zerbait berezia egiten al duzu?
Orain dela aste bat hasi nintzen etxean kirola egiten -aurretik egiten ez nuen zerbait da-. Zerbait egiteko unea zela pentsatu nuen. Gainera, sare sozialetan guztiak dabiltza kirola egiten. Horrekin eta klaseekin goiz osoa pasatzen dut. Eta grabatzen, telesailak ikusten eta txakurrarekin arratsaldea ere azkar pasatzen zait.
Konfinamendua amaitzean, zer egingo duzu?
Gauza berri pila bat egiten hasteko asmoa dut. Adibidez, gidabaimena ateratzeko saiakera egingo dut.
Etorkizunerako zerbait duzu esku artean?
Bai, zorionez bai. Kutsidazu bidea Ixabel musikalarekin arituko gara baita 2021ean ere. Go!azen etxetik egiten ari gara, nahiz eta ez jakin noiz arte egingo dugun. Pozik nago, denbora gutxian proposamen asko jaso ditudalako baina beste edozer egiteko ere prest egongo nintzateke.