Angel Oiarbide (1974, Urretxu) Aberri Eguna etxetik ospatzeko deialdia egin duen sustatzaileetako bat da. Gure Esku Dago ekimenean ibili da denbora luzez, orain Idiazabalen bizi da eta eraikuntzan dabil lanean.
Zer moduz daramazu konfinamendua?
Zorionez gizakiok, animaliekin batera badaukagu egokitzeko gaitasuna. Jokaera hori lagungarri zaigu egoera zailenetan ere. Lana ere egokitu behar izan dut. Egoera berriari egokituz, lanean jarraitzeko aukera izan dut.
Krisia hasi aurretik, zertan ari zinen, zertan zenbiltzan?
Herrigintzan, Gure Esku Dago dinamikan buru-belarri 4 urtez ibili ondoren, orain urte bete nire lanbideari heltzeko aukera izan nuen. Ordutik eraikuntzan nabil.
Koronabirusaren krisiak nola eragin dio zure egunerokoari?
Alabak beraien ikasgaiekin baina etxean. Lagunekin, aitona-amonekin eta gainerako familiko kideekin ezin elkartu. Ezin besarkaturik. Lantokian ezohiko neurriekin… Eta hausnarketa ugari. Aurrean daukagun erronka handi honetatik beharrezko ikasgaia nola atera, nola zukua atera.
Gaurkoa Aberri Eguna. Zergatik da hain berezia?
Gaurko aberri Eguna Berezi bizi dugun egoerak egiten du. Krisi guztiek aukerak ere sortzen dituzte. Krisi honek norbanako bezala, nahiz kolektibo-komunitate moduan aukerak eskaintzen dizkigu. Guk ezinbestean aukerak aprobetxatu behar ditugu. Gure herri sena, XXI.mendera, makina bat krisialdi gaindituta iritsi zaigu. Ezinbestean gai izan garelako momentu jakinetan interes komunen norabidean elkarrekin aritzeko. Batasunak “marruskadurak” eta zailtasunak sortzen dizkigu. Ez dugulako berdinak izan behar ezta ere berdin pentsatu behar. Haratago joanaz, ez eta gatazkarik gabeko senidetze batean bizi beharrik ere. Denak gara ezberdinak eta pentsaera anitzekoak, eta aniztasun horrek sortzen duen aberastasunetik, gai gara balore demokratikoez gure ezberdintasunak bideratu eta elkarren interes komunak irudikatzeko. 2020.urteko Aberri Egunetik, bateratasunetik, lankidetzatik, gure eta gure herriaren burujabetza aldarrikatzen dugu.
Nolakoa izan da herritarren harrera?
Oso ona. Naturala. Denok gure baitan baitakigu, ezinbestean, gure komunitatea indartuta bakarrik aurre egingo diegula ditugun eta izango ditugun erronkei. Inoiz baino txoko gehiagoetara iritsi baita Euskal Aberiaren aldarria. Bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
Posible al da euskal komunitateak bere indarrari eustea edo areagotzea etxetik irten gabe?
Gure balkoietatik, elkarrekin keinu bat egin dugu. Komunitatea indartzeko eta saretzeko keinu bat gehiago. Keinuek atzetik pausoak dakartzate.
Etxetik ateratzeko baimena iristen denean, zer egiteko asmoa daukazu?
Mendira igo, lagunak besarkatu eta ametsen atzetik urratsak ematen jarraitu.