Ikurrinak protagonista Aberri Egunean
Euskal Herria Bateraren deialdiarekin bat eginez herritar askok eseki dituzte ikurrinak etxeko balkoietan. 12:30etan, irratia lagun, minutu bateko isilunea gorde eta Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak abestu dituzte.
Koronabirusak ohiko Aberri Eguna erabat baldintzatu duen arren, herritar askok ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietan jartzeko eta 12:30etan abesteko deialdiarekin bat egin dute. Aparteko ekitaldirik ez da egin, balkoiak izan dira aldarrikapenerako plazak, eta goierritarrak ere Aberri Eguna ospatzeko asmoz atera dira balkoietara.
Euskal Herria Batera ekimenak egin du Aberri Egun bereziaren lehen balorazioa: “Euskal Herrian ere posible da bateratasuna. Aski izan da herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko. Mila esker bateratu zareten guztioi. Gora Euskal Herri burujabea!”.
Etorkizuneko erronkei begira, Euskal Herria Batera ekimenak lankidetza aldarrikatu du, “erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen batera jarduteko”.
Ordiziako alkateak Aberri Eguna dela eta zabaldutako txioan, keinu berezia egin nahi izan die San Jose egoitzako langileei pairatzen ari diren zailtasunak ikusita:
Orain arte ikusezinak izan diren ezinbesteko zaintzaile horiengatik, zaintzarik gabeko herriak ezin duelako aurrera egin! Inoiz baino gehiago Ordiziako San Jose egoitzako langileekin, ezinbestekoak soilik ez, onenak zaretelako, eutsi!#ordizia #AberriEguna2020 #EuskalHerriaBatera pic.twitter.com/NSqCmxQdA2
— Adur Ezenarro (@adurezenarro) April 12, 2020
Gabiriako alkate den Oier Oiarbidek mezu berezi bat eman nahi izan die Aberri Eguna dela eta herritarrei: “Birus bat da honen erruduna baina eskerrak eman beharrean ez ote garen pentsatzen hasita nago. Herria behingoz bat eta bakar bat bezala jokatzen ikusten ari garelako”. Aratz Igartzabalen bertsoarekin amaitzen da bideoa.
Urretxu eta Zumarragako auzokideek bideo bidez egin dute bat deialdiarekin: