Kandelak pizteko deia, San Jose egoitzan hildakoen alde
Alarma egoera hasi zenetik "asterik gogorrena" izan dela azaldu du Ordiziako Udalak, eta herritarrei dei egin die 21:00etan kandelak jarri eta txalo egiteko.
Ordiziako San Jose adinekoen egoitzan une zailak ari dira bizitzen. Aste honetan koronabirusaren probetan positibo emandakoen kopuruak nabarmen egin du gora, eta heriotza ugari ari dira izaten gaitz horren eraginez. Atzo EiTB taldeak zabaldutako informazioaren arabera, 14 lirateke San Jose egoitzan koronabirusagatik hildako egoiliarrak. Gaur berriz, aldundiak heriotza gehiagoren berri eman du, 15 guztira Gipuzkoan; tartean da Ordiziako egoitza ere, baina ez du kopuru zehatzik eman.
Ordiziako Udalak “alarma egoera hasi zenetik asterik gogorrena” izan dela azaldu du, eta herritarrei dei egin die gaur, 21:00etan, balkoietan kandelak jarri ditzaten. San Jose egoitzako langileei txalo zaparrada eskaintzeko ere eskatu dute, “egun gogor hauetan egiten ari diren lan eredugarriagatik”.