Beste lau egoiliar hil dira Ordiziako eta Zumarragako adinekoen egoitzetan
Ordiziako San Jose egoitzako bi egoiliar eta Zumarragako Argixao egoitzako beste bi hil dira azken 24 orduetan. Gipuzkoako erresidentzietan 300 kasu atzeman dituzte dagoeneko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eman berri dituen azken datuen arabera, lurraldeko adinekoen egoitzetan 8 lagun hil dira eta beste 10ek positibo eman dute koronabirusaren testetan. Goierrin ere utzi dute arrasto beltza datu horiek, Ordiziako San Jose egoitzako bi egoiliar eta Zumarragako Argixao egoitzako beste bi baitaude hildakoen artean.
Gipuzkoan adinekoen egoitzen sarean daude 65 zentroetan 302 kasu positibo atzeman dituzte guztira, 99 hil dira gaitzaren ondorioz, eta 26 sendatu dira. Aldundiak azaldu duenez, zentro horietako bederatzitan (tartean Beasain, Ordizia eta Zumarragakoak) dagoeneko egin dituzte testak erabiltzaileen artean, eta datozen egunetan beste hiru zentrotan egingo dituzte. Langileei dagokionean, Zumarragako egoitzakoei egin dizkiete azterketak, baina oraindik ez Beasaingo eta Ordiziako langileei.
Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu du “gero eta test gehiago egin, aurre egiten ari garen egoeraren orduan eta diagnostiko zuhurragoa” izango dutela, eta bide horretan, lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan “mapatze zehatz” bat egiten ari direla.