Jose Luis Etxeberria 'Xapre': "Saturdin egotearekin ez daukat ezeren inbidiarik, lasai gaude eta horrelaxe jarraituko dugu"
Pazko astelehenarekin batera ospatu ohi dute Saturdi auzoko festa. Gaurkoa zuten eguna, baina beste gauza asko bezala, bertan behera gelditu da festa hori ere, koronabirusa dela eta. “Pena handia” hartu duela dio Jose Luis Etxeberria 'Xapre' auzotarrak, baina “etsi etsian” aurrera egin behar dela. Auzoa herritik aparte dago eta baserri ingurutik atera gabe bada ere, “lasai” daudela dio.
Saturdi auzoko festa eguna zenuten gaur. Nola ari zarete bizitzen?
Denak bezala, etxetik atera gabe. Nik neronek hilabete eta erdi badaramat baserritik ezertarako atera gabe. Auzoko festa ezin dela egin eta pena handia hartu dut, guretzat egun berezia izaten da eta ilusioa izaten dugu, baina egoera ikusita ez da besterik gelditzen.
Auzoan bestela, lasai al zaudete?
Bai, lasai, bakoitza bere baserri inguruan. Hau herritik aparte dago, lau bat kilometrora, eta hemen inguruan ez da ezer agertu. Auzotarrak lasai gaude, askorik juntatu gabe, baina bakoitza bere etxe inguruan eta bere zereginetan lasai.
Zein plan zeneukan Aste Santu eta Pazko Astearen ingururako?
Horixe izaten genuen aste santuko plana, Saturdiko festa. Egun hauek beti horren inguruan pasatzen ditugu, festa antolatu, meza, bazkaria… Aste santuan ez dut inorako planik izaten, bestela.
Ermita zaintzen eta festa antolatzen, auzolanean ariko zarete, ezta?
Auzotarrak aritzen gara. Duela urte batzuk auzolana egin genuen konponketa batzuk egiteko, eta tarteka garbitzen eta aritzen gara. Lehen igandero izaten zen meza, gero hilean behin, eta orain San Saturnino egunean. Lehen festa ere astegunez egiten zen, eta oso diferentea zen. Gero jai egunera pasa zen, baina ez dira lehengo urteak. Jende asko aste santuan kanpora joaten da, eta etortzen direnak ere hurrengo egunean lanera joan behar dutela izaten dute buruan.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Aurreneko egunetan bai, behera jaitsi ezina-eta, baina entzuten direnekin, hemen gustura gaude. Baserriak kalearen aldean libertade handia ematen du. Ni neu batere atera gabe nabil, baina senideak eta jaisten dira erosketak egitera. Hori bai, egun guztiak igualak egiten dira, eta askotan zein egun den antzik ere ez diogu ematen. Gaur akordatu gara baina, aurtengoak horrela beharko du.
Etxetik ateratzeko baimena iristen denean, zer egiteko asmoa daukazu?
Ez daukat ezer berezirik pentsatuta. Hemen lasai gaude eta etsi-etsian horrelaxe jarraituko dugu. Saturdin egotearekin ez daukat ezeren inbidiarik. Gero pixkanaka hasiko gara lagun artera eta jaixten, baina momentuz ondo gaude.
Koronabirusaren krisiak nola eragin dio zure musikari jardunari?
Plazak utzita ditut aspaldian. Orain soinujole asko dago eta tokia egin behar zaie haiei ere. Saturdiko festa antolatzen eta ibiltzen gara, lehen beti Martinek [Aginalde] jotzen zuen, eta hark ezin izan duenean, urte batzutan jo izan dut, baina oso modu ezberdinean bizitzen da festa. Jo gabe askoz lasaiago ibiltzen naiz, nire kaxara. Tabernan eta lan batzuk egin behar izaten ditugu, baina jendaurrean jotzeko kezka hori gabe.