Lantegietara itzulera, zalantza askorekin
Oinarrizkoak ez diren aktibitateak geldiarazteko agindua altxatu eta gero, hainbat lantegitan lanean hasiko dira egunotan, bi asteko etenaldiaren ondoren. Sindikatuek eta hainbat adituk, ordea, horrek lekarkeen arriskuaz ohartarazi dute.
Covid-19 birusa dela eta, alarma eta etxeko konfinamendu egoerak indarrean jarraitzen badu ere, hainbat enpresa lanean hasiko dira datozen egunetan. Espainiako Gobernuak oinarrizkoak ez ziren aktibitate oro eteteko erabakia hartu zuen martxoaren 30ean, baina egunotan egindako adierazpenetan, martxoaren 14ko neurrietara egin du atzera, bai behintzat ekonomiari eta enpresei dagokionean. Bi asteko hibernazio edo erabateko etenaldiaren ondoren, aktibitateari ekin nahian daude hainbat enpresa eta lantegi. Langileen artean, ordea, kezka da nagusi, eta enpresak atzera martxan jartzeak duen arriskuaz ohartarazi dute hainbat adituk eta eragilek.
Goierriri dagokionean zalantzak dira nagusi. Gaur jai eguna izaki, bihartik aurrera hasiko dira lanean zenbait lantokitan. Irizarren esaterako, neurri bereziekin eta modu mailakatuan egingo dute; Aurreneko astean, bi autobus lineatan bakarrik ariko dira lanean, eta datozen asteetan pixkanaka ohiko kopuruetara itzultzea espero dute. Hine lantegiak berriz, ez du erabat eten bere aktibitatea; zerbitzu minimoetan aritu dira lanean, sekzio bakarrean; ostegunetik aurrera, ordea, lan jarduna beste arlo batzuetara zabaltzen joan dira, eta gaurtik aurrera, gainontzeko langileek ere lanera itzuli beharko dute. Orklin ere gutxieneko aktibitatean aritu dira, hainbat eskaerari irtenbidea emateko, baina bihartik aurrera ohiko martxan hasiko dira. Baita Indarren eta Laulagunen ere.
CAFen egoera bestelakoa da, jai egunekin osatu baitute pazko astea ere. Hala, hilaren 20an itzuliko dira lanera, nahiz eta jarduerak “pixkanaka” hasiko dituzten, “betiere ezarritasko segurtasun eta osasun-neurriak berez”. Azken asteetan galdutako lan orduak “lantegiko sail guztien artean modu kolektiboan” berreskuratzea planteatzen dute.
Lanera, maskarilekin
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuen 10 milioi maskarila banatuko dituztela garraio publikorako, lanera doazen herritarrek erabili ahal izan ditzaten. Baita lantegietara itzulera “seguruagoa” izan dadin, “jarduera protokolo bat” argitaratuko dutela ere. Beste prebentzio neurri bat, langileen artean gutxieneko 1,5 metroko distantzia mantentzearena izango da; hori bermatu ezin den kasuetan, maskarilekin lan egin beharko dute.
Lantegietara itzultzeak dituen arriskuen inguruan ohartarazi dute hainbat eragilek. ELA sindikatuak esaterako, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak lantegiak zabaltzeko hartutako erabakiak salatu ditu, oraindik ere “pandemia kontrolatzetik urrun” gaudela iritzita. ELAk egindako proposamenari “entzungor” egin izana leporatu dio Jaurlaritzari, eta egoera berriaren aurrean, “birusaren hedapena ez azkartzeko eta langileen osasuna bermatzeko lantokietan prebentzio neurri eraginkorrak izatea ezinbestekoa” izango dela dio. LABek ere ez du begi onez ikusi erabakia, eta “milaka langile lanera itzultzera behartuko” dituztela salatu dute. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak streaming bidezko agerraldia iragarri du gaur, 10:30erako.
Satse erizaintza sindikatuak berriz, “kasuen gorakada berri bat” eragin dezakeela uste du, eta olatu berri horri “gainezka dauden zentroek eta kasu askotan, lanerako babes nahikorik ez duten langileek” aurre egin beharko dietela.