Ramon Angel Hernandez Gabiola iheslari ohia hil da, 70 urterekin
Hogeita zazpi urtez herritik kanpo ibili zen, eta Urugain eta Baionan bizi izan zen hainbat urtez, Ordiziara itzuli aurretik. Azken urteak San Jose egoitzan pasa ditu.
Ramon Angel Hernandez Gabiola iheslari politiko izandakoa hil da Ordizian, 70 urterekin. Gaztetatik herri mugimenduetan eta kultur munduan aritu zen, besteak beste, Argi Berri elkartean. CAF enpresan aritu zen lanean, eta 80ko hamarkada hasierako greba handietan parte hartu zuen. 1987an ihes egin behar izan zuen herritik, eta 27 urte egin zituen sasian. Horietatik urte asko Urugain pasa zituen; besteak beste, La Trainera jatetxe ezagunean lan egin zuen, beste euskal errefuxiatu eta iheslari batzuekin batera. 1992. urtean, Espainiako Gobernuaren presioak tarteko, atxilotu egin zuten. Baina garai hartan mugimendu solidario indartsua sortu zen Uruguain, eta hainbat atxilotu askatu egin zituzten, tartean Hernandez Gabiola bera.
Handik urte batzutara Ipar Euskal Herrira etortzeko aukera ikusi zuen, eta Baionan bizi izan zen denboraldi batean. Gaixotasun bat zela tarteko, Ordiziara itzultzea erabaki zuen, eta San Jose egoitzan egin ditu azken urteak. Osasunez pattal antzean ibili bada ere, herrira ia egunero jaisten zela nabarmendu dute haren gertukoek, “lagunekin egon eta pote bat edo beste” hartzera.
Gertutik ezagutu dutenetako bat da Angel Lasa ordiziarra. Haren esanetan, oso pertsona jatorra zen Hernandez Gabiola, “bihotz zabalekoa, alaia eta umorerako dohain berezia” zuena. Ordizian oso pertsona ezaguna eta errespetatua zela azaldu du. Gaztetatik “herritar peto-petoa” zela dio Lasak. “Herriko koadrillen arteko futbol txapelketako ‘alma mater’-etako bat izan zen, Buztuntzako ordezkari moduan”. Argi Berri elkarteko kide ere bazen, eta berak euskaraz ongi egiten ez bazuen ere, euskararen aldeko ekimen ugaritan parte hartu zuen.
Agurra, aurrerago
Koronabirusaren eta alarma egoeraren ondorioz, senideek eta lagunek ezin izango diote egunotan nahi bezalako agurrik egin, baina aurrerago “behar bezala agur” esateko tartea izango dela azaldu dute haren gertukoek. Azken urteetan zaindu eta lagundu duten San Jose egoitzako langileei ere esker ona eta “besarkada handi bat” bidali nahi izan dio familiak.
Argi Berri elkarteak, Ordiziara itzuli zenean egindako ongi etorrian, oroigarri moduan oparitu zion bertsoa da honakoa: