Legazpin azoka egingo dute ostiralean
Erik Galvez Legazpiko udaleko zinegotziak adierazi du azokak irekitzeko baimena ofizial egin arte itxaron dutela erabakia hartzeko.
Legazpin azoka izango da ostiralean, Erik Galvez zinegotziak jakinarazi duenaren arabera. Joan den astean azokak bertan behera utzi zituen Eusko Jaurlaritzak, eta hiru egun geroago debekua bertan behera utzi eta azokak irekitzeko baimena eman zuen. Erabaki hori ofizial egin arte zain egon direla adierazi du Galvezek. Haren arabera, gaur bertan izan dute berriz irekitzearen berri ofizialki.
Azoka itxitako eremuan egingo dute, sarrera kontrolatuta eta segurtasun neurriak hartuta. Goizeko 10:00etan irekiko dute, 13:00etara arte. Baserritar eta elikagai saltzaile guztiek izango dute joateko aukera; 12 ekoizle dira guztira, baina oraindik ez dute ostiralean egongo direnen zerrenda zehaztu.