Azokak berriz irekitzeari erantzuna eman diote herritarrek
Joan den astean baino postu bat gehiago jarri dute frontoian, eta goiz goizetik ilara luzea izan da baserritarren produktuak erosteko. Artzain Eguna egitekoa zen gaur.
Apirilero bezala, gaur egitekoa zen Artzain Eguna, baina bertan behera utzi zuten koronabirusagatik alarma egoera ezarri zenean. Hainbat artzain artaldearekin igarotzen dira Ordiziatik erakustaldi modura egun horretan, artaldea mendira eramaten baitute garai honetan artzainek. Gaur, dena den, ez zegoen ardirik Ordiziako kaleetan.
Egoera honetan, baserritarrek frontoian haien produktuak jarri dituzte salgai, asteazkenero egiten duten moduan. Aurreko asteazkenean Eusko Jaurlaritzak azokak debekatu zituen, eta hiru egun beranduago atzera egin eta berrirekitzeko baimena eman zuen. Neurri zehatz eta zorrotzak hartuta alarma egoera hasi zenetik, gaur 10 postu izan dira frontoian, aurreko astean baino bat gehiago: Maite Iturbe okinak ere jarri du postua. Ordiziako 10 jostun boluntariok egindako maskarilak banatu dituzte sarreran erosle guztientzako, El Kilo Ordiziako dendak emandako oihalarekin eginak.
Goiz goizetik ilara luzea egon da frontoi kanpoan, eta eguraldia lagun izan dute erosleek itxaronaldian. Eusko Jaurlaritzaren erabakiari erantzuna eman diote herritarrek baserriko produktuak erosita; aurreko asteetan baino jende gehiago gerturatu da bertara. Komunikabide ugari ere izan dira erosketa eremuan azken asteko eztabaida dela eta.