Ikasturtea ekainean amaituko da eta, salbuespenekin, ikasle guztiek gaindituko dute
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasle guztiak ebaluatuko dituzte, eta irakasleak erabakiko du kalifikazioa aurreko bi hiruhilekoan oinarrituta.
Ikasturte amaierarekin jarraitzea eta ikasle guztiek ikasturtea gainditzea erabaki dute autonomia erkidegoetako ordezkariek, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroarekin bildu eta gero. Arratsaldean eman du Zelaak prentsaurrekoa adostutakoa azaltzeko.
Ekainean amaituko da kurtsoa. Azken hiruhilekoa sendotzeko, autonomia erkidegoek udan ekintzak antola ditzaketela esan du Zelaak prentsaurrekoan.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasle guztiek ebaluazioa izango dute. Irakasleak erabaki beharko du zein nota jarri ikasle bakoitzari, aurreko bi hiruhilekoetan ebaluatu duenaren arabera. Ikasleren batek errepikatu behar duela erabakitzen badu, administrazioari baimena eskatu beharko dio ikastetxeak.