Oraindik ez dakite zerk eragin duen Aizkorri magaleko luizia
Joseba Izagirre Zegamako alkateak jakinarazi du Aizkorri Aratz parke naturaleko zerbitzuburuarekin hitz egin duela eta lur jausiaren arrazoiak aztertzen ari direla.
Ostegun iluntzean luizia izan zen Aizkorri magalean. 300 metro inguruko lur jausia kanaleraino iritsi zen, eta argindarra sortzen duen Electra Aizkorri enpresa pribatua hondatu zuen.
Joseba Izagirre Zegamako alkateak adierazi du Aizkorri Aratz parke naturaleko zerbitzuburuarekin harremanetan dagoela, baina luizia zerk eragin duen ez dakitela: “Oraindik aztertzen ari gara”.
Ertzaintzak GOIERRIKO HITZAri jakinarazi zionez, ostegunean 19:00ak aldean baserritar batek hots handia entzun zuen. Foru Aldundiko arduradunak bertaratu eta lekua aztertu zuten. Hasiera batean trenbidean eragina izan zezakeela uste bazuten ere, azkenean ez du arazorik sortu.