Ordiziako Azoka 1982an
Miguel Angel Quintana dokumentalgile errenteriarrak 1982an egindako Asteazkenez Ordizian dokumentalean baserriko produktu, animalia eta lanabesak ikus daitezke.
Ordiziako azokak 500 urte baino gehiago daramatza asteazkenero, Goierriko eta inguruetako ekoizleak eta erosleak biltzen. Azken hiru hamarkadetan aldaketa handia bizi izan du, ordea. Miguel Angel Quintana dokumentalgile errenteriarrak 1982an egindako Asteazkenez Ordizian dokumentalean ikus daitekeenez, baratzeko produktuez gain, denetariko animaliak eta baserrirako lanabesak aurki zitezkeen ferian, plazan nahiz inguruko kaleetan.
Azokak ez ezik, Ordiziak azken urteetan izandako aldaketen lekuko ere bada ikus-entzunezkoa. Euskadiko Filmategian jasota egon zen film labur hau urte askoan, eta digitalizatu ondoren sarera igo zuten.