Sei egoiliar gehiago hil dira Gipuzkoan, horietako bat Beasaingo Arangoitin
Beasaingo Arangoitin ere gaixo batek alta jaso du. Gipuzkoako egoitza sarean jada 117 pertsona hil dira Covid19ak emanda.
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitzetako egoeraren berri eman du. Azken datuen arabera, sei egoiliar hil dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sarean: Beasaingo Arangoitin, Arrasateko Iturbiden, Donostiako Berran, Zarauzko Santa Anan eta Eibarko Egogain eta San Andres egoitzetan.
18 positibo kasu gehiago atzeman dituzte egoitzetan, denak Eibarren; horietatik 17 Egogain egoitzan eman dira, eta asintomatikoak direla jakinarazi du Mendozak. Osakidetzak test bikoitzak (test azkarrak eta PCRak) egin ostean atzeman dituztela esan du. Bestea San Andresen izan da. Bestalde, azken orduetan alta jaso dutenak 3 izan dira, bat Beasaingo Arangoitin eta beste biak Arrasateko Iturbiden.
Adineko pertsonen egoitzetan, guztira, 117 pertsona hil dira Covid19ak emanda, 314 kasu positibo daude eta 31 sendatu dira dagoeneko.