Bere txikian, handi eta jendetsu
Artzain eguneko feria berezia behar zuena egoera berezi honetako ohikotasunean egin da, geroz eta saltzaile eta jende gehiago bilduz.
Zein egunetan bizi garen kokatzea zaila zaigu egoera sinestezin honetan. Askotan esan ohi dugu, azokako eskaintzari begiratzea aski izaten dela urteko ze garaietan gauden jabetzeko. Oraintxe izan ezik. Erramu adarrik gabe pasa zen erramu asteko merkatua, arkumearen prezioan batere erreparatu gabe iragan zen pazko asteko azoka txikia. Atzoko artzain eguneko ospakizunen ingurukoak aipatzen arituko ginen ondo bidean, aldiz bere txikian handi eta orain arteko jendetsuena izan zela atzokoa baieztatzeko moduan gara.
Udaberria gero eta nabarmenago
Jateko gaiei dagokionez eta garai honetan baratzean egin behar diren lanei lotuta eskaintza handitzen ari da. Udaberriko ziza izan zen pozez eskaini eta segidan saldua izan zen produktu estimatua. Ohiko feria lagun batek 3 kilo ekarri zituen, etxe ondoko leku kuttunean bilduak, aurten emankor eta goiz, 40€/k. salgai. Merke garai honetarako iazkoarekin alderatuz, apirilaren 17ko azokan 110€/k. saldu baizen. Ilarra, baba ugaritzen. Ardi esnea ez da azokan zuzenean eskaintzen momentu honetan baina bai enkarguz, Udaletxeak publiko egin zuen ekoizleen zerrendan erreparatuz. Loreei dagokionez ere berdin, azokan bertan ez baina enkarguz bai, geranioa, huntza, surfinia, petunia…aukeran. Landarea Beti alai frontoian bertan hiru postutan salgai. Urteko tipula da lehen bai lehen aldatu behar dena ilbehera baliatuz, bitarteko porrua ere bada landatu -eta urtekoa hasi artean- laster jateko prest izan ohi dena. Gainerakoak, piper, tomate eta abar aukeran baina negutegirik ezean, geroxeago ere ziurtasun handiagorekin landatu ahal izango dira.
Bertan geroz eta jende gehiago
Telefonoz aurretik egin diren eskariak handitu egin dira. Frontoi barruan berriz Maite Iturbe okina hor zen. “Gau honetan hasi naiz berriz ere lanean, gaur hemen, bihar Markinan eta Legazpin ostiralean”, berriz ere azoka hau egiten hasiko dela jakinarazi dute eta. Ogiak, gozoak eta oraindik ere arto opila ekarri zituen, azkena ziurrenik izan ere eguraldia berotzen hastearekin bat jaki hau eskatzeari uzten diote bezeroek eta.
Alkateak esker oneko hitzak izan zituen atzo goizeko 8.30tarako zain zeuden bezeroei begira eta berez beharko zukeen feria gogora ekarriz. Esne makinaraino iritsi zen luzez jende ilara, “egun tristea da, berez urteko feria handienetako baten murgilduta izan behar genuen. Baina dena dela, guzti hauek azokatxo honi egindako harrera, ezarritako neurriak errespetatuz eta zain pasatu beharreko pazientziarengatik eskertu nahi ditut” zioen Adur Ezenarrok.