Goierriko zahar etxeetan ez da inor gehiago hil
Gipuzkoan zahar etxeetako egoiliar gehiago sendatu dira (23) hil baino (8). Zendutako bat bera ere ez da goierritarra.
Goierriko zahar etxeetako egoiliar bakar bat ere ez da hil azken 24 orduetan koronabirusak jota Eider Mendoza foru bozeramaileak emandako datuen arabera. Halere, zoritxarrez, zortzi lagun hil dira: Berran hiru, Iturbiden bi eta san Andresen, Santa Anan eta Otezurin bana. Aldiz, 23 lagun sendatu dira.
Gauzak honela, guztira 125 lagun hil dira, 54 lagun sendatu eta 296 lagunek Covid-19n positibo emanda jarraitzen dute. 42 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude eta 33 ospitaleratuta. Betiere Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoiliarretara mugatutako zifrak dira.