Ikasle gehienek gainditzeko irizpidea ezarri du Madrilek
Lehen bi hiruhilekoetako lanak kalifikatuko dituzte irakasleek, baina ikasturtea ekainean amaituko da. Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio irizpide horiek Goierrira egokitzea.
Goierriko ikasleak eta irakasleak ikasturtearekin zer gertatuko zain zeuden eta atzo argitu zen: lehen bi hiruhilekoak erabiliko dituzte ikaslea ebaluatzeko eta inork ez du ikasturtea errepikatuko, “salbuespenak” izan ezik. Hori da Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak eta Espainiako erkidegoetako hezkuntza ordezkariek erabakitakoa. Halere, Eusko Jaurlaritzari dagokio Madrildik ezarritako irizpideak bertako egoerara egokitu eta aplikatzea. Kristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak “irizpideak eta orientazioak” ontzat jo zituen.
Ebaluazio irizpideak otsailera mugatuta eta denei gainditua emanda, arduradunek kezka dute ikasleek paso egingo ez ote duten. Argi utzi dute ikasturtea ez dela amaitu, hirugarren hiruhilekoan materia irakatsi egingo baita eta ikasleek nota igotzeko aukera izango dute. Ikasturtearen azken zatia inorentzat “desabantaila” izan ez dadin Zelaak ziurtatu zuen eskolek laguntzak jasoko dituztela ikasturtea digitalki osatu dezaten.
Lanbide Heziketako ikasleek ere malgutasunak izango dituzte ikasturtea gainditzeko. Esaterako, praktikaldia ia erdira murriztu dute, 22o ordutara. Era berean, unibertsitatera sartzeko proban ikasleek erraztasunak izango dituztela aipatu zuen hezkuntza ministroak. Unibertsitateek, bestalde, ikasturtea aurreikusitako eran amaituko dute eta ebaluazioak egin egingo dituzte, telematikoki bada ere.