Irene Paredes: "Legazpin gertatzen denarekin eguneratuta nago nahiz eta kilometro askotara bizi"
Partida erabakiorrak zetozenean moztu zituzten futbol txapelketak. Halere, legazpiarrak halamoduz entrenatzen jarraitzen du denboraldia amaitzeko itxaropen apur bat baduelako. "Hori da nahi duguna".
Irene Paredes (Legazpi, 1991) “lasai” dago nahiz eta egoera ez den xamurra: txapelketa guztiak etenda, aldi baterako enplegu erregulazio batean sartu ditu jokalariak Paris Saint Germain taldeak. Ez da Legazpira itzuli, Frantzian itxialdia malguagoa delako.
Nola eragin dio Irene Paredesi pandemiak?
Etxean nago, egoera bere onera noiz etorriko den zain. Macronek esan berri du itxialdia maiatzaren 11ra arte luzatzen dela, eta eutsi egin beharko diogu.
Egunak luzeak egiten zaizkizu?
Ez bereziki, eta hori goiz esnatzen naizela entrenamenduak ongi egiteko. Erdi utzita nuen master bat ikasteko ere baliatzen ari naiz denbora, eta gitarrarekin ere saltseatzen nabil. Agenda nahiko betea dut. Gainera, etxekoak eta lagunak zorionez ongi daude, eta hala errazagoa da.
Parisen zaude? Nolakoa da bertako egunerokotasuna garai berezi hauetan?
Paris kanpoaldean bizi naiz, eta hemengo bizimodua nahiko lasaia da. Jende gutxiago bizi gara Paris erdialdean baino, eta kalera irtetean ere ez da jende askorik ikusten. Uste dut jendeak ongi barneratu duela.
Ez zenuen Legazpira itzultzea pentsatu?
Pentsatu nuen, baina uste dut bertan gelditzea zela aukera onena eta zentzuzkoena. Legazpin gurasoen etxera itzuli beharko nuke eta han itxialdia gogorragoa da. Hemen egunean behin irten dezakegu gutxienez. Gainera, hasieran ez genuen uste etenaldia horren luzea izango zenik, eta liga berriz martxan hasten bazen hemen egon behar nuen. Egia da taldekide batzuk joan direla euren herrialdeetara, baina nik hasieran ez nuen egin eta orain ez da horretarako unea.
Legazpirekin harremana baduzu, legazpinsotzecovidea.eus atarian ere bideo bat eskegi zenuen.
Senitartekoekin, lagunekin, herritarrekin… beti dut harremana, eta une hauetan gehiago. Nahikoa eguneratuta nago naiz eta kilometro askotara bizi. Animoak ere bidali nahi dizkiet, badakidalako gogorra izaten ari dela.
Eta kirol ikuspegitik zer nolako eragina du egoerak?
Eragina handia da. Duela hilabete txapelketa guztiak, hau da, liga, kopa eta txapeldunen liga eten egin ziren eta lehiaketarik gabe taldeen diru sarrerak txikiagoak dira. Hau dena hasi eta bi astetara aldi baterako enplegu erregulazio moduko batean sartu ginen.
Entrenamenduak ere eten egin dituzue?
Lehen bi asteetarako taldetik zeregin batzuk bidali zizkiguten, baina ABEEren ostean ezin dugu taldearekin inolako harremanik eduki. Halere, nire kabuz entrenamenduak egiten jarraitzen dut bidali zizkidaten zeregin horiekin eta kalera ere irteten naiz korrika apur bat egitera.
Nolako denboraldia ari zen izaten?
Orain zetozen partida erabakigarrienak, eta horren araberakoa izango litzateke denboraldi amaierako balorazioa. Orain arte denboraldi ona egiten ari ginen, bigarren gindoazen ligan Lion liderrarengandik hiru puntutara. Pena izango litzateke hala amaitu behar izatea.
Justu liderraren aurka jokatu behar zenutenean eten zen liga.
Ligako unerik garrantzitsuenean eten zen. Selekzioen partidengatik etenaldia egon zen, eta itzultzerakoan Lionen aurka jokatu behar genuen lehen postuaren bila, eta gero Arsenal genuen zain txapeldunen ligan. Erritmoa errotik moztu digu, baina ezin zen beste ezer egin.
Txapelketei berriz ekiteko esperantza baduzu?
Hori da nahi duguna. Oporraldian jokatu behar badugu ere gu prest gaude. Baina ez dago gure esku: txapelketak antolatzen dituztenen esango digute noiz eta nola hasi, baina azken hitza koronabirusak izango du. Itxaron, besterik ez zaigu gelditzen, eta ikusi egin beharko da egoerak zer nolako bilakaera izango duen. Gainera, entrenamenduak ez dira behar bezain egokiak eta bakarka ari gara. Denbora beharko dugu berriz eta egoera fisiko egokia berreskuratzeko lehaitu aurretik.